Lehen, atea ireki eta momentuan antzeman dut aldaketa. Igerian egon izanagatik bainujantzia bustita oraindik, azala lehortu nahi eta ezinean, atea itxi eta izugarrizko bero lehorrak hartu nau. 

Sauna barruan zeuden hiruzpalau kideak niri begira daude mikrosegundo batez (gizartearen ohiko prozeduraren kontuak) eta ingurura gehiegi begiratu gabe gunerik libreenean jarri dut toalla. Biluzik ez, baina erdi biluzik, izerditan eta arnasa irakiten daukadala gorputzari aspalditik jarri genizkion mugetaz barre egin dut; sauna barruan gaudenon akats, huts edo tara guztiak beroak, biluztasun elkarbanatuaren naturaltasunak, urtuko balitu bezala. 

Atzo, aldiz, gizon gazte batek izugarrizko etsipenez egiten zuen negar ospitaleko logelan, diagnostikatu dioten gaixotasunaren ondorioz berea den, bera egiten duen gorputz bera degeneratuz, endekatuz joango dela azaldu ziotelako medikuek. Saunako berotik urrun, hotz zegoen gela hura, eta gertakaria bizi, buruan bueltaka eduki eta ondorio hausnartu argirik ateratzeko gai ez naizelako kontatzen dizuet hau ere. 
 
Herenegun, lagun bat etxe berrian bere gela atontzen ibili zen. Irakurtzen nabilen liburu batean "etxearen kontzeptu filosofikoaz" hausnartzen du idazleak eta lagun honek antzeko zerbait egin zuen; eguneroko filosofiak bultzatuta edo. "Nire gelan egingo dut lo, jan, irakurri, txortan... Txikitan nire gela ahizparekin partekatzen nuen bezala, orain zuekin egingo dut. Egunerokotasunean egiten dudan guztiak gotorlekua izango du hemen" esaten zidan. 
 
Orain, Kuraiaren "Bizi gera" kanta entzuten nabil. Bizi gera, bizi gera. Bizi gera, marrazoen artean ("artian" diote eurek, noski). Horregatik idazten dut, agian, aipatutako konplexuak, heriotza bera eta egunerokotasuna bizitzeak egiten gaituztelako bizi.