Truffaut, fikzioa eta gu

Erabiltzailearen aurpegia Bego Beraza 2020ko mai. 15a, 09:56

1953an Ray Bradburyk liburuak debekatuta zituen gizarte distopiko bat deskribatu zuen Farenheit 451 eleberrian.

Suhiltzaileen lana herritarrek etxeetan ezkutatutako liburuak bilatu eta erretzea zen, 451 farenheit tenperaturarekin, hain zuzen. Geroago, 1966 aldera, François Truffautek egoera zinematu zuen. Argazkiko Oskar Werner eta Julie Christiek suhiltzaile liburu erretzaile eta irakasle irakurzalea antzeztu zituzten filmean. 

Ez dakit zelan bururatuko zitzaion Truffauti egoera hori irudikatzeko modua, zelan irudikatu zientzia-fikzioa, gaur egun ez baitakigu geure burua hemendik hilabetera ere irudikatzen. Suhiltzaileak agian ospitaletan egongo dira, kiroldegietan, tabernetan, liburutegietan 451 farenheitan birus guztiak erretzen, irakasle irakurzaleak eskolan beharrean, etxean, agian. Eta zinemagileak margolari, musikari, akrobata eta antzezlariekin batera kalean, pantailatan, bozgorailuetan edo trapezioan bizi dugun egoera erdi fikziozko honi, egoera guztiei bezala, erantzun posible bat ematen. 

Azkenengo bi hilabeteetan batzuetan errealitatetik urrun sentitu naizelako idazten dut hau, eta pandemia egoerarik ez denean ere errealitatetik urrundu eta erantzunik gabeko galderekin borrokatzeko aukera ematen didaten adierazpenei (dela zinemagintza, dela literatura, dela dantza, dela antzerkigintza, dela zirkoa...) omenaldi xume bat egiteko. Werner eta Christiek distopiatik alde egiteko liburuak baliatu zituzten antzera, guk ere artea oso presente dugula uste dudalako.