Trenak politik(o)a(k) dira

Erabiltzailearen aurpegia Bego Beraza 2020ko aza. 13a, 08:30

Trenean irakurtzea keinu erromantikoa da. Ez da txantxa.

Hamar bidaiaritik bostek mugikorra ateratzen dute, hiruk leihotik begiratu, beste bat lo doa eta soilik hamargarrenak irakurtzen du. Dela aldizkaria, ebooka, egunkaria edo liburua, hamar bidaiaritik batek soilik irakurtzen du kontzientziaz testu bat, mugikorreko “memeak” ez baititugu kontuan hartuko, noski. Eta “esklusibotasun” horregatik da erromantikoa trenean irakurtzea.

Ez da estatistika zientifikoegia agian, baina ados egongo gara, ziur. Trenetako egoerari erreparatzea momentu batez bizitzari arreta jartzea izan daiteke. Bagoietan zehar bezala, bizitzan egunero-egunero neke aurpegiak eta asperdura adierazten duten gorpuzkerak ikusten eta erreproduzitzen ditugu, egunerokotasunaren eta arduraren norantzan.

Halaber, kontzientzia landu beharra dugu nekea enpatiaz ulertzeko, eta kontzientzia hori haserratu nekeari aurre egiteko. Horrela soilik izango da keinu politikoa, eta ez erromantizismo hutsa, trenean irakurtzea.