Korrika 20

Korrika Kulturala, euskararen mundua zabaltzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko AEK 2017ko urt. 26a, 08:00

Korrika Kulturalaren aurkezpena

Otsailaren 9an hasiko da Korrika Kulturala Kepa Junkerak eta Sorginek Gasteizen emango duten kontzertuarekin. Antzerkia, bertsoak eta dantza ere izango dira. Sakelakoetarako aplikazioan kontsulta daitezke data guztiak. 

Asier Amondo Korrika arduradunak eman du Korrika Kulturalaren berri. Horren bitartez, euskal gizarteari Korrikan zehar egiten duen “esfortzuaren eta lan militantearen atal txiki bat” eskaini nahi diote bueltan. Hori egiteko modurik onena euskal kultura sustatzea dela esan du Amondok. Gainera, Korrika Laguntzaile txartela dutenek %10eko deskontua izango dute Korrika Kulturalaren emanaldietan.

 

Korrika aplikazioa

Korrika Kulturalaren agenda guztia bilduko duen sakelakoetarako aplikazioa ere aurkeztu dute agerraldian. Agendaz gain, 20. Korrika uneoro non dagoen jakiteko aukera ere emango du, geolokalizazioari esker. Akting enpresak garatu du, iOS eta Android gailuetarako.

Otsailaren 11n Korrikaren urtemuga-festa ospatuko dutela gogoratu du Amondok, eta euskaltzale eta Korrikazale guztiak Ficoba erakustazokara joatera gonbidatu ditu. Izen-ematea korrika.eus webgunearen bitartez egin daiteke.

Informazio gehiago hemen

 

Korrika kulturaleko estreinaldiak

Guztira sei dira Korrika Kulturalak eskainiko dituen estreinaldiak. Honako hauek dira:

 

Kepa Junkera & Sorginak: Maletak

Trikitia jotzen hasi zenetik musika-tresna ezberdinen maletak gorde ditu Kepa Junkera musikariak, eta kontzeptu horren inguruan osatu du azken lana. Iberiar penintsulako kultura ezberdinak elkartu ditu Sorginak taldearekin batera. 

 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Tipi-tapa Korrika

Katxiporretako antzezle eta musikariek ikuskizun berria dute. Korrikako kilometro bakoitzean eskurik esku pasatzen den lekukoaren barruan gordeta dagoen mezu sekretua da sudurgorriek herriz herriko jaialdietan zabalduko dutena. 

 

Ez Dok Hiru!: Euskal musikaren benetako istorioa

Patxo Telleria, Mikel Martinez eta hiru musikarik (Tartean Teatro) euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko dituzte ikusleak. Errepaso ironiko, absurdo eta dibertigarria egingo dute. Publiko helduari zuzendutakoa, umorezkoa, euskaraz. 

 

Beatriz Egizabal eta Ane Labaka: Erradikalak gara 

Bi emakume elkartu dira bertso eta bakarrizketa formatuan, eta maletak kontraesanez beteta dakartzatela diote. Erraietatik ariko dira, umorez, erroetara iritsi nahian. "Erradikalak gara" esango dute. Eta "nahi eta behar baino gutxiago" erantsiko dute.

 

Nomadak Tx, Pura Vida, Walls, Kukai, Erramun Martikorena: Oskara plazara

Dantza, musika, ikus-entzunezkoak... bateratu dituzte. Kukai taldearen dantza, Erramun Martikorenaren kantua, dokumentalaren irudiak... Dantzarien zuzeneko lana eta ikus-entzuneko lanaren arteko uztarketa bat izango da.

 

Bertso Korrika 2017

2013an 25 herritan abiatu zen Bertso Korrika ekimena: Korrika herriz herri girotzeko bertso zirkuitua, nagusiki ostatuetan egin zena, publikoan euskaltegiko ikasleak eta bertsozaleak elkartuz. 2015an beste hainbeste izan zen, 29 herritako bertso-eskolek parte hartu zuten ekimenean. 2017an parte hartzeko deia egin du AEK-k bertsolari eta bertsozakeen artean. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean antolatutako ekimena da.