9 kiloko prekarietatearen motxila

Industria garaia ia-ia ahaztuta genuenean, 1997ko Guggenheim Museoaren ate-irekitzea izan zen Bilbo hiria munduko mapan apurka-apurka kokatzen hasi zuena. 

“Guggenheim efektua” deitutako fenomenoaren sorrera suposatu zen.

Prekarietatea edozein sektorean oso nabarmena izan arren, horrelako fenomenoak bizi diren herrietan eta haietako langileriarengan daukan isla izugarria da. 

Bilbon argi ikusi ditugu alde biak: lan munduan nola hasi diren lanpostu prekarioak eta diskriminatzaileak, edo azpikontratazioa areagotzen, eta horren ondorioz, nola bizi-baldintzek txarrera egin duten, pobreziaren mugak gaindituz. Bizi kalitatea eta sustraiak, makro-ebentoen artean galduta.

Ekonomia kolaboratiboa izenpean sortutako lan-ereduan jarri nahi dut arreta, mingarrienetariko bat delako esan dezakegu.

Delivero edo Glovo bezalako enpresak, baten batzuk aipatzeagatik, gure artean gelditzeko asmoz heldu dira. Antolakuntza iraultzailea saltzen dute “izan zaitez zure buruaren nagusi” bezalako mezuez baliatuz, eta nahiz eta hasieran nagusiki langile gazteengana jo arren, gaur egun bertako langile asko dira enplegu hauekin familia mantentzen saiatzen dituztenak. 

Langile autonomoak omen dira, baina errealitatea beste bat da: plataformak ordutegiak, prezioak, zerbitzuak eta abar kontrolatzen du. Plataforma digitala da noski, inoiz ez presentziala, beraz kostea minimoetara gutxitzen dute. Gaixorik jarriz gero edo istripu bat izan ondoren, ardura guztia langilearena da. Aipatzekoa da lan orduko prezioa 3 euro ingurukoa dela, ibilgailua langileak jarri behar duela eta autonomo kuotak ordaindu... pagotxa! Garai berriak, betiko miseriak. 

Gig economy, contigent workers, riders.... hitz potoloak, berritzaileak eta modernoak erabiltzen dira eremu honen inguruan. Kaleratu beharrean, “deskonektatu” egiten dituzte langileak. Baina argi dugu hitz hauen esanahia, bakarra delako: prekarietatea. 

Itxaropena ez dugu galtzen, eta garaipen handia izan da langile hauen antolaketa eta asanbladen sorrera. Cleta, Mensaka, La pájara ciclomensajería edo beste sektore batzutako Fairmondo edo Fairbnb plataformen sorrerarekin batera, tunelaren bestaldean argia dagoela esan dezakegu. Ildo etiko eta justu baten oinarrituak, eta mundu moderno honetan hain ondo txertatu ahal diren eredu berri hauek, langileen eskubideak bermatzea eta bizitza duina bultzatzea posiblea dela erakusten digute.