Komuneko matematikak

Erabiltzailearen aurpegia Enrique Zuazua 2017ko aza. 22a, 10:00
Komunen kartela

Denok onartzen dugu, batez ere gaur egun, matematika leku guztietan agertzen dela. Bizi garen ezagutzaren gizarte digitaleko tresna eta arlo gehienetan, guztietan ez esateagatik, matematikak  zeresana du, eta asko gainera, sarritan azaldu izan dugun bezala.

Erraz aurkitu dezakegu matematikaren ekarpena dronetan, banku transakzioen segurtasun kriptografikoan, hegazkinen diseinuan, telekomunikazioetan, mediku terapia berrietan... baina, eguneroko bizitzako oinarrizko tramankuluetan matematikak ere garrantzia handia duela ez da horren ezaguna, edo ahaztu egiten dugu askotan. Eguneroko tresna horien artean, hor da termostatoa, erlojua, eta baita etxeko komuna ere.

Bai, horrela da, komuneko zisterna edo tangan ere bada matematikaren ezagutza eta ekarpena. Norbert Wiener-en esanetan,  Zibernetika makinen eta gizakien kontrolaren eta komunikazioaren zientzia da. Hori dela eta, sentsoreak eta eragingailuak tarte direnean Zibernetikaren zientzia hor da, eta, beraz, Matematikaren Kontrol Teoria bertan dago. Hori kontuan hartuta, komunean matematika dagoela baieztatu dezakegu.

Komuneko kontrolatzailea identifikatzea erraza da. Izan ere, hondakin eta hustubideak arrastatuz komuna garbitzen duen urak askatzen duen katea edo sakatzailea da, kontrolaren rola jokatzen duena. Baina, non dago sentsorea? 

Etxeko komuneko ur deposituaren barnealdea begiratu dutenek, ikusiko zuten barruan pilota mugikor flotatzaile bat egoten dela. Pilota horrek sentsorearen lana egiten du, uholdeak eta ur galerak ekiditzea da bere ardura. Bai, baina, nola egiten du lan hori?

Uraren maila onargarria den maximora heltzen denean, pilotak, uretan flotatuz, gora eginez, uraren sarrerako hodia itxi egiten du, berari loturiko heldulekuari tiratuz. Honela, saretik datorren ura ez da gehiago deposituan sartzen, eta tanga berriz hutsik egon arte, pilotak oztopatzen du uraren jarioa. Honela, behin eta berriro, komuna erabiltzen den bakoitzean, zisterna edo tanga urez bete egiten da, behar denean ura askatuz, baina uholdeen arriskuak sahiestuz. 

Eta guzti hori kate eta pilotaren bikotearen lan nekaezinari esker.

Ez dugu sarritan pentsatzen karisma handirik gabeko tresna honek, komuneko zisternak hain zuzen ere, zer nolako eragina izan duen gaur egun ere gure bizitzan, garbitasunean eta osasunean.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak, ordea, komunaren inguruko tabuak saihesteko eta ur saneamenduak egungo garapenean duen lehentasuna azpimarratzeko asmoarekin, azaroaren 19a  “World Toilet Day” delako munduko komunaren eguna deklaratu zuen. 

Euskal Herrian ere, gure herrialdeetako ur partzuergoen eskutik eta URA, uraren agentziaren laguntzaz, joan zen azaroaren 19an hainbat ekimen izan genituen. Hauen helburuetariko bat urari burzuko ikerketa bultatzea izan zen, gure bizitzan duen eragin erraldoiagatik.

Deustoko Uniberstitateko DeustoTech ikerketa zentroko Konputazio Matematikorako Katedratik ere, ERC-Dycon "Dynamic Control" proiektuaren barne hain zuzen ere, gai hauek uztartzen ditugu fluidoen dinamikaren modelizazioa, ordenagailuen bidezko simulazioa eta kontrol teoria konbinatuz.

Komuneko zisternaren lehenengo prototipoak duela mende bat baino gehiago asmaturikoak dira, 1886an hain zuzen ere, 2. irudian ikusi dezakegun bezala. 

Ordutik hona gure bizitzan funtsezko tresna bihurtu dira komunak, modu zuhurrean etengabe arituz. Inoiz esan izan dugu "matematikoariok garela zibilizazio teknologiko honen iturginak". Eta arlo honetan ere, horrela da.

Horregatik, ekimen hau txalotu egiten dugu, bertan parte hartuz, uraren kulturak duen garrantziagatik. Joxean Artzek aspaldi esan zuen iturri zaharrak beti ur berria ematen duela. Baina hori horrela izan dadin, bai iturria, baita ura ere, zaindu behar ditugu.