Gogoan dut txikitan nire etxean asteburuetako Gaur Egun-ari jarraitzen zion Hitzetik Hortzera hastean katez aldatzen zenekoa. Nork pentsatuko luke orduan Bertso Txapelketa Nagusiko final batean egongo nintzela bertsoez inoiz egin ez bezala gozatzen. Hilabete pasatxo beranduago egunak sortu zizkidan hainbat hausnarketa aipatu nahi nituzke.

Gaur egun, zein kultura ikuskizunek biltzen ditu 15.000 norbanako ia 8 orduz 8 lagun 'poesia kantatuan' ikusteko? Bertsolaritzak tarte bat hartu eta eserlekutik askotan hainbeste kostatzen zaigun zerbait egiten ikasteko aukera eskaini digu: entzuten ikasteko aukera. Gizarte likidoak sustatutako abiaduraren kulturaren garaian garaipen handia.

Bestetik, nola azaldu dezakete herri bezala aitortzen ez gaituztenek beste inon (inguru gertuan ez behintzat) ematen ez den fenomeno hori? BECen bertso eta txaloen artean herri bat izan genuen taupaka. Propio dugun hizkuntzarekin jolasteak ukazio saiakera horren aurrean herri bezala indartzen gaitu.

Azkenik, batzuek irudika dezaketenaren aurka, abenduaren 17koa betiko euskal gizarte landatarrean errotutako Bertsolaritza ghetto-aren oso bestelako zerbait izan zen. Super Txoperen youtubeko Fashion ranking-ean 'modernoen' artean katalogatuak izango liratekeen protagonistek, egunerokotasun handiko gai sozial mordoa jarri zituzten mahaigainean: irakasleen grebak kalitatezko hezkuntzaren alde, Santurtziko portutik hasten diren gerra inperialistak, gurera datozenak besoak zabalik hartzearen garrantzia, Errekaleor bezalako gune autogestionatuen beharra, preso politikoak, Katalunia, drogak, prostituzioa... Oinak lurrean ditu bertsolaritzak!