Hurrengo Geltokia Bilbon: Termibusa

Erabiltzailearen aurpegia _Galder Unzalu Etxabe 2017ko ots. 15a, 13:35

Deigarria da nola 2011ko Kale Neurketaren arabera, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean euskararen kale erabilera %3 inguru den. Deigarria ere, urte bereko V. Inkesta Soziolinguistikoak, Bilbon eta Gasteizen ezagutza hurrenez hurren %16,3 eta %15,5 zela zehaztu zuen bitartean, Iruñean %9,1 zela argitu zigula. Berriki argitaratutako VI. Inkesta Soziolinguistikoak distantziak bere horretan jarraitzen duela erakusten digu: Bilbon %18,6 euskaldun, Gasteizen %17,9 eta Iruñean %10.

Hortaz, zer gertatzen da Bilboko eta Gasteizko ezagutza datuak Iruñekoak baino nabarmen hobeak izanda, erabilera datuak ia berdinak izateko? Zerrenda luzea osatuko genuke, baita bakoitzaren zamaz (hizkuntzaren historia soziala, historia politikoa, lege-babesa, baliabide ekonomikoak...) luze eztabaidatu ere, baina ia guztietan galtzaile ateratzen da euskara Iruñean. Bi bider fidelagoa ote zaio orduan iruñar hiztuna hizkuntzari bilbotarra edo gasteiztarra baino? Edo agian faktoreren bat ahaztu dugu?

Hiriek badute esanahi konpartitu konziente eta inkonzienteen multzo bat, era guztietako arloei eragiten diena, hasi biztaleen hiriaren espazioei buruzko ikuspegietatik, ospakizun, kirol, lan edo aisialdi formetatik jarraitu, eta hiriaren garapen eta etorkizunerako norabideetatan bukatzen dena: Hiri Imajinarioa. Honek baditu hizkuntza osagaiak, hizkuntzari buruzko sinismen, uste, iritzi eta aukerak, eta horren ondorioz, hirian ematen diren prozesu eta praktika guztietan hizkuntza ere jokoan dagoen osagaia da. Hiriaren emaitza eta ekoizpen material zein immaterial guztietan agertzen da eta bertan ematen diren hizkuntza-harreman guztiengan eragiten du. Hizkuntzaren erabilera, hautu indibiduala izateaz gain, esanahi, uste, sinismen eta ideologia sinbolikoz betetako ariketa soziala eta praktika kulturala ere bada, eta hor hiriak eta bere imajinarioak eragin zuzena eta berebizikoa dute. Hor dute iturria esaterako ama-alaba Bilbora erosketetara etorri, kalea zapaldu eta zuzenean euren arteko elkarrizketa euskaratik gaztelerara pasatzeak (testigantza jasoak) edo XX. mendean zehar oraintsura arte Bizkaitik bilbotartuen arteko horrenbeste transmisio etendurak. Bilbo euskaldunak ikusezintasunera eraman dituen inbutua izan da XX. mendean zehar, Shirley eta Edwin Ardenerrek emakumeentzat teorizatutako talde mutu kontzeptua Bilboko euskaldungoarentzat zuzenean aplikagarri bihurtuz. 

Hiri Imajinarioa ez da inoiz ixten. Eta ez ditu inoiz hiztunaren harreman guztiak determinatzen. Horregatik, nahiz eta Bilboko Hiri Imajinarioan talkan dauden euskarari buruzko ikuspegien artean, hegemonikoa XIX. mendetik datorren ikuspegi baztertzailea izan, euskarak ez du inoiz aho eta ekimen faltarik izan Bilbon azken bi mendeetan (Zuberogoitia anaiek Bertan Bilbo liburuan azaldu bezala). Nolanahi, ikuspegi hegemoniko horri euskararen aldeko mugimenduek ikuspegi euskaltzalearen gauzatze diren ekimen, praktika, diskurtso eta harremanak kontrajarri arren, Hiri Imajinarioaren muinean euskara = Bilbo egitura sakona (Teresa del Valle) oraindik ez da nagusi. Aldiz, esan daiteke euskara = arazoa/aldeanoa/ez-bilbotarra naturalizazioak berrelikatu, aldatu eta sakontzen dituen ikuspegi baztertzaileak tinko dirauela.

Dialektikan ari den hirugarrena Guggenheim Museoa hiri eraldaketa arrakastatsuaren ikurtzat eta kondentsazio sinbolikotzat duen ikuspegia da, Donald McNeill hiri-ikerlari eskoziarrak aztertu bezala, hiri-identitate berri bat sortzeko helburuz erakunde publikoek ekoiztu eta berrelikatua dena: gaztelera bizitzarako (Bilbao marka); euskara ume eta etxeko sinbolo identitarioetarako (Bilbaogarbi, BilbaoKirolak, Athletic eta Marijaiaren kantuak...); ingelesa etorkizuneko hiri-estrategia eta kanpoko sinbolo identitarioetarako (BEC, Night Marathon, Be Basque...). Galdera da ea hiria eta Guggenheim lotzeko apustu estrategikoak Hiri Imajinariora dakartzan hizkuntza-ondorioak dauden, adibidez, Kale Neurketek erakusten duten beherakadan (2001ean %4,6 zen). Edota beste hau: Guggenheimaren tokian, adibidez, Leioako EHUren campusa kokatu izan balitz, zein nolako hiri eta zein nolako hizkuntza-harreman genituzke orain?

Hiri Imajinarioan gatazkan ari diren hizkuntza-ikuspegi hauen harreman aldaketan dago euskarak Bilbon jauzi kualitatiboa emateko gakoetako bat. Segidan, hiztunaren autopertzepzioan (nola lotu hiriaren kaleko bizitzarekin eta hiriari buruzko ikuspegiekin) aldaketak eragiteko aukerak sortuz. Hots, hizkuntza-praktiken eta hizkuntza-identitatearen aldaketarako legitimazioa irabaziz. Hau da, erabilera nabarmen hazi dadin ezinbestekoa den aldaketa kulturala gauzatze bidean ezarriz.

Hiriaren azpiegitura erreferentzialen izendegiak ematen du aukera taularen gainean dagoen ikuspegi jokoa aztertu eta etorkizuneranzko norabideak behatzeko. Bartzelonan El Lizeu eta Nou Camp edo Valentzian L´ Hemisfèric eta La Ciutat de les Arts i les Ciències itzulpenik gabeko izen ofizial bakarrak izateak hizkuntzak hirian duen legitimazioaren erakusle diren bezala, Bilbon San Mamesi Barria erori, Loiuko aireportuan La Paloma mediatikoki gailendu, Metro geltokia Casco Viejo izendatu edo Teatro Arriaga eta Palacio Euskalduna-k argi uzten dute euskararen tokia lehia honetan. Areso alkate ohiak AlhóndigaBilbao Azkuna Zentroa bihurtu izanak, eta Meatzaleak zikloaren aurkezpenean AZren zuzendariak “Zentroaren oinarri nagusia euskara bada ere, ez da nahikoa egiten” esateak, agian, etorkizunerako aldaketa batzuk aurreratzen dituzte ikuspegi instituzionalean. Termibus berria da hurrengo aukera. Euskara hutsez (Lauaxeta Termibusa?) izendatzea izango da norabide aldaketarik dagoen egiaztatzeko parada bikaina.

 

(Berriatik ekarria)