Lehen zuek, orain gu

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Perea 2023ko aza. 28a, 08:51
Argazkia: EH Bildu

1984ko azaro hura Euskal Herriko memoria kolektiboan iltzatuta dago. Hilaren 20an, GALek Santi Brouard hil zuen Errekalde Zumarkaleko bere kontsultan. Handik hiru egunera, Euskalduna ontzioletako borrokaren baitan, polizia tanketekin sartu zen fabrikan,  sua jaurtiz eta sindikatuen egoitzak zeuden eraikinari eraso eginez. Balantze latza utzi zuen egun horrek: hainbat zauritu eta hildako bat, Pablo Gonzalez.

Euskaldunaren historia identitate, ekonomia eta erresistentzia narratiba konplexua izan da. Ontziola horiek Bilboko bizitzaren zati oso bat izan ziren, eta itxierak, 2741 langileen kaleratzeekin ez ezik, komunitatearen historiaren eta nortasunaren zati bat ere ezabatzearekin mehatxatzen zuen.

Eta arrazoi zuten, dagoeneko hiriak oroimenerako leku izateari utzi dio. Horregatik nik, memoria ariketa bat egiteaz gain,  gure genealogia feministaren aldarrikapena egin nahi dut.  Industria ornoetan sartuta zuen Bilbo gris baina bizi horretan, eskualdea desindustrializatzeak suposatzen zuen heriotza-zigorra onartzeari uko egin zioten emakume guzti horiek ekarri nahi ditut gogora. Emakume horiek ikusle hutsak ez zirela gogoratu eta aldarrikatu nahi dut. Abangoardia izan zirela, lehen lerroan egon zirela gorputza jartzen, elkarri laguntzeko sareak sortzen eta ontziolen defentsaren zama ez ezik, komunitate osoaren zama ere eraman zutela berekin.

Lehen zuek izan zineten; orain guri dagokigu lekukoa hartzea. Azaroaren 30ak Euskal Herriko erresistentziaren historiaren kapitulu gehigarri bat markatuko du. Euskaldunako borroka eta greba feminista orokorra, bere etorkizuna mehatxatzen duten baldintzak pasiboki onartzeari uko egiten dion herri baten adierazpenak dira, eta bi borroka horien konbergentzian, justizia sozialaren babesa elkarlotzen den ortzi-muga ikusten da, bizitza duin eta bizigarriak lortzeko.

Ostegunean kalera aterako gara borrokatu zuten emakumeengatik, baina baita gu guztiongatik ere. Bizitza osoa zaindu dutenengatik, eta gaur egun pentsio duinik ez dutenengatik, grebarik egin ezin dutenengatik, etxeko langileengatik, migratuengatik. Zaintza oinarrizko eskubide unibertsala dela aldarrikatzera irtengo gara kalera ostegunean.

Artiacheko galleta-fabrikatik Euskaldunara, Nervacerotik Guggenheimeko garbitzaileetara, Labe Garaietatik Madres Mercedariasera;  isilaraziak izan nahi ez dutenak idazten ari dira Euskal Herriko historia, eta emakumeok protagonista izaten ari gara erresistenzia horren orrialde bakoitzean.