U28: aukerarako zirrikitua

Erabiltzailearen aurpegia Gerizeti Zubiaurre 2023ko urt. 23a, 08:48

Krisiaren belaunaldia gara, kapitalismoak berezkoak dituen krisiaren baitan hazi eta heziak. Ingurura begiratu besterik ez da egin behar: gasolinaren eta oinarrizko produktuen prezioen igoera, soldaten kaxkartzea, bizi baldintzen okertze orokortua… Hau krisi kapitalistaren baitan enpresari eta bankari handiek martxan jartzen duten erasoaldiaren ondorio zuzena da: banku zentralak, inbertsio funtsak, energia konpainiak, korporazio handiak, etab. dira langileon aurkako erasoaldi honen errudunak.  Izan ere, enpresari eta bankari handiek poltsikoak bete bitartean, langile klasea miseriara kondenatzen dute, ikusi besterik ez dago nola hasi diren hauen irabaziak %21,1, langile klasearen bizi baldintzak okertzen ari diren bitartean. Dirua metatzen jarraitzeko, klase menperatzaileak gure pobretzea beharrezkoa du, eta horren aurka mobilizatuko gara gazte langileok urtarrilaren 28an Bilbon.

Hau gutxi balitz, politikari profesionalek bidea irekitzen diote erasoaldi honi. Ez soilik Europar Batasunaren mandatuei lotuta daudelako, politikari profesionalak ere enpresari handien erasoalditik probesten dira: hilero milaka liberatuen soldatak betetzen dizkiete, beraien alderdien egoitzak eta gastuak ordaintzen dizkiete, administrazio edota enpresetan karguak zein kudeaketa konpetentziak eskuratzen dituzte…

Gainera, miseriaren aurrean altxa ez gaitezen neurri autoritarioak ari dira ezartzen. Pasa den hilabeteetan adibide desberdinak aurki ditzakegu, batik bat okupazioaren kontrako lege berri baten proposamena, non poliziak etxetik bota ahal zaituen 48 orduko tartearekin; edo nola 300€ baino gutxiagoko lapurketak egiteagatik 3 urterainoko kartzela zigorra jarri dezaketen. Gainera, geroz eta ohikoagoa izango da poliziaren presentzia gure auzo eta herrietan, errepresiorako dituzten baliabideak indartuz. Honek badu zentzu bat, noski. Erasoaldi ekonomikoari erasoaldi politikoak jarraitzen dio, langile klaseak borroka egiteko dituen baldintzak okertuz.

Kontrakoa saldu nahi diguten arren, langileon pobretzea eta eskubideen ezabapena normaltasun berria dira. Errealitate hau geratzeko etorri da, ez da hilabeteak pasa ahala aldatuko eta gobernuko neurriek erez ez dute hau geldituko. “Ezkutu soziala” gobernuaren propaganda baino ez da, langileon pobretzea kudeatzeko helburua dute, bankari eta enpresari handiek ezarritako miseriaren aurrean altxa ez gaitezen. Horren adibide argia da elikagaiak azken urtean %14 garestitu izana, oraingo BEZaren jaitsiera baino askoz gehiago edota alokairuari %2ko muga jartzea, azken urteetan %41 garestitu denean.

Krisiaren belaunaldiak ez du esperantzarik. Gazte langileon egoera ere okertuz doa eta ezegonkortasuna da nagusi: langabezia, miseriazko soldatak, aldizkako lanak, etxebizitza edukitzeko zailtasuna, kriminalizazioa… Datuei erreparatuz gero, begi-bistakoa da hau, esaterako, Bilbon kontratua duten gazteen %52,7ak aldi baterako kontratuak dituela eta EAEko gazteen soldataren %80,2 alokairuek osatzen dutela. Politika instituzionalarekiko atxikimendua ere desagertu egiten ari da: gazteongana zuzendutako programek gure egoera aldatzeko ezintasun nabarmena dute eta eskaintzen dituzten laguntzak ez dira iristen, traba burokratikoen ondorioz. Honen aurrean, ezinbestekoa da politikarien fartsatik kanpo antolatzea, instituzioekiko era independentean borrokatu eta mobilizatzea.

Krisi garaia aukera garaia ere bada. Ustezko normaltasun pareta horri zirrikitu bat irekitzen zaio, eta hortik begira jarri ezkero argia ikusteko gai ere bagara. Zabaldu dezagun zirrikitua, apurtu dezagun ustezko normaltasuna, desegin dezagun pareta. Jakin badakigu manifestazio soil batek ez duela bankari eta enpresari handien erasoaldia geldituko. Jakin badakigu bidea ez dela erreza, baina ez gara eskeintzen dizikuguten ogi apurrekin asetuko. Baina jakin badakigu honi aurre egiteko aukera bakarra mobilizatzea eta egunerokoan modu independentean antolatzea dela. Eta horregatik aterako gara kalera urtarrilaren 28an, 18:00etan Jesusen Bihotza plazatik.

U28 mobilizatu! Gazte langileok borrokara!