Komunitatea

Amonak sare bat oparitu zidanekoa

Erabiltzailearen aurpegia Goiatz Iza 2024ko mar. 8a, 16:19
Argazkia: Stock irudia (Unsplash)

“How I love being a woman”. Hala zioen telesail bateko pertsonaia batek suaren inguruan akelarre bat egiten ari ziren bitartean. Telesailak mundu mailako ospea lortu bazuen ere, hilabete batzuk baino ez zuen iraun oihartzunak. Baina esaldi horek oraindik ere dirahun. Esaldi hori, ez galdetu zergatik eta nola, baina inflexio puntu bat izan da, batez ere egungo emakume gazteen bizitzetan.

Batzuentzat TikTokeko audio sinple bat izango da, baina niretzat hori baino gehiago izan da. Agintzen digun sistema kapitalistaren eta haren ondorioen aurka egiteaz gain, benetako feminismoa zer den erakutsi dit.

Zertaz ari naizen ez dakienarentzat, audio horren bitartez erabiltzaileek lagunartean egiten dituzten gauzak erakusten dituzte, batez ere, “nesken” artean egiten direnak, esaterako, batak besteari orraztea, makillatzea edota denon artean sukaldatzea. Horrela azalduta, ez dirudi aparteko munduko ezer baina eguneroko planak erakustetik haratago doa hau.

Nesken arteko laguntasunak oparitzen dizkigun momentu intimo eta erosoetan bakarrik konpartitzera ausartzen garen gauzei egiten dio erreferentzia, besteen aurrean egitera ausartzen ez garen horri. Adibidez, masturbazioaz, ilerokoaz, autoestimaz edota mundu indibidualista hontan heldu egitearen prozesuaz hitz egitea.

“How I love being a woman” da ospakizun bat baino lehenago lagunen artean apaintzea; da emakume ezezagun batek zer guapa zauden esatea diskotekako komunetan; da ohartzea ilerokoarekin zikindu dituzula galtzak eta ez tapatzea jertsearekin; da lagunari laguntzea nahi duen pertsona lortzen eta ez leihatzea horregatik; da gaueko ordu txikitan bikotekidearekin dituzun arazoak partekatzea lagunekin; da hitz egitea lanean sufritzen duzun mespretxuaz; da partekatzea etxean zein kalean sentitzen duzun galdutasun sentsazioaz.

Lehen lotsarazi egiten zizkiguten gauzak orain harrotasunez egitea da, emakume izateaz eta inguruko emakumeez harro egotea.

Horregatik, esaldi bat baina gehiago da niretzat. Iraultzaileak dira hitz horiek, izan ere, bizitzako gauza politenetako batetaz ohartarazten lagundu dit: zein indartsuak eta garrantzitsuak diren emakumeak mendeetan sufritutako jazarpenaren aurrean sortu behar izan ditugun sareak.

Askatasuna, eskubideak eta automaitasuna ere kentzera iritsi diren hontan, sare hauek beti egon dira hor, inor ohartu gabe isilpean belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan direlako.  Altxorrak dira, non beti ongietorria, babestua eta ulertua sentituko naizen.

Beraz, gaurkoan, eskerrak eman nahi dizkiet sare hauek eraikitzen lagundu duten historiako emakume orori. Eta halaber, sare hauen sokeei tinko eusteko deia egiten dut, zoritxarrez, oraindik ere neska askoren erorketa sahiestu behar dugulako.