'Pasaiako badia' dokumental proiektua eta erakusketa aurkeztuko dituzte Hika Ateneoan

Erabiltzailearen aurpegia hikaateneo 2017ko api. 4a, 10:15

Pasaiako sarraskiaren inguruko dokumentalaren nondik norakoak azalduko dituzte gaur Hika Ateneoan Yuri Agirre eta Erik Aznalek 19:00etan. Era berean, gaur inauguratuko dute Hika Ateneoko gela txikian Pasaiako Badia izeneko erakusketa. 

1984. Polizia Nazionalak Rosa Jimeno ilegalki atxilotu eta torturatu ostean, iparraldeko Komando Autonomo Antikapitalistetako kideekin zita bat jartzera behartu du. Pasaiako badiako harkaitzetan hanketatik soka batekin lotuta dute Jimeno. Seinalea egitean iparraldetik datorren zodiaka gerturatu da. Sekulako tiro zaparrada hasi da.

Joseba Merinok azalduko duenez, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura lehen tirokaldian hilko dira. Bera, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru atxilotu ditu ondoren poliziak. Delas eta Aizpuru harkaitzetan bertan fusilatu dituzte. Gorpuei 113 bala zulo zenbatu dizkie Pako Etxeberria forenseak. Bertsio ofizialak enfrentamendu bat egon dela dio.

2016. Donostiako Auzitegi Probintzialak, hilketa zantzuak daudela aitortu arren, kasua behin betirako artxibatu du. Ezin izan dituztela delituaren egileak identifikatu. Senideek Estrasburgora jotzeko asmoa adierazi dute.

32 urte pasa dira gertakari latz haietatik, baina oraindik kasuak argitu gabe jarraitzen du. Dokumental honekin Pasaiako gertaerak gizarteratu eta badian argi izpi bat piztu nahi dugu.

Antolatzailea: Oinatzak Produkzioak

Erakusketa: Pasaiako Badia

Hika Ateneoko gela txikian: 2017/04/04-2017/04/28