Iragana lege

Orain dela hiru hilabete master bat burutzeko Madrilera bizitzera etorri nintzen eta pentsaezina otu arren, hiru hilabetetan ez dut euskaldunik ezagutzeko parada izan. Aurrekoan, ni bezala Madrilen masterra ikasten ari den Itxasorekin batera Euskal Etxera bertaratu ginen lagun berriren bat egiteko asmoarekin, eta batek daki, beharbada, zorte apur batekin koadrila euskaldunen bat topatzen genuen bertan. Euskal etxeko atezainak, ordea, bat-batean zapuztu zuen gure arratsaldeko plana, azaldu zigunez, taberna eskualdatze prozesuan murgilduta zegoen eta martxoaren amaierara arte txokoak ez omen ditu berriro ateak irekiko. Kaka zaharra.

Azken astetan euskal koadrila edo lagun talde baten beharrak inoiz baino ozenago egin du garrasi, Sol plazan dagoen Kutxabank diruzain automatikoko kolan aldameneko ezezagunari  hitz egiteko inpultsoa sentitzeraino. Euskaldunik topatu ez arren, onartu behar dut jende berria ezagutzeko aukera izan dudala. Horien guztien artean ezin dut aipatu gabe utzi zazpi urtera arte euskaldun izan zen neska gazte tuterarrarekin izan nuen elkarrizketa.

Madrilen ohikoa den moduan, lagun baten lagunaren lagunekin irten nintzen beste larunbat gau batez, Noviciado ondoan dagoen Pez kaleko taberna batera. Mexikon erasmus esperientzia elkarbizi zuten lagunen topaketa bazen ere, ni bezala lagun bilerarekin zerikusirik ez zutenak ere bazeuden. Horien artean Claudia. Aita donostiarra eta ama tuterarra ditu Claudiak eta gaur egun ikasketa kontuak direla eta Madrilen bizi arren, Tuteran bizi izan da. Claudiak euskara “aita hizkuntza” izan zuela aitortu zidan. Nik, jakinminez, gure hizkuntza zergatik zuen galduta itaundu nion eta hala zidan kontatu:

-Tuteran ez du inork euskaraz hitz egiten eta aitarekin euskaraz egiteko ohitura hori txikia nintzenean galdu nuen.

-Eta han ez duzu euskara ikasteko aukerarik izan ala?

-Bai, institutuan euskara, frantseza eta alemaniera hautazko ikasgaiak genituen- erantzun zidan lasai asko, atzerriko beste bi hizkuntzen maila berean ipiniz eta euskararen irakaskuntza erabat bermatuta egongo balitz bezala.

-Eta aipatu dituzun horietatik zein aukeratu zenuen?- honezkero nire buruan balantzak nora egingo zuen apustua egiten hasia nintzen: alemaniera VS frantseza, nork irabaziko?

-Frantseza.

-Eta zergatik ez zenuen galdutako euskara errekuperatzearen aldeko apostua egin?

-Nafarroan, iparraldean izan ezik ez delako euskaraz hitz egiten.

-Iparraldean gehienbat, baina orain arte guztiz erdaldunak ziren zenbait herritan euskararen ezagutza behintzat hazi da. Nafarroako politika linguistikoa da prozesua hainbat urtez moteldu duena- erantzun nion, Euskararen Legeak gaur egun ezartzen dituen hiru guneak aipatuz.

-Nik uste dut Euskararen Legea Nafarroako euskararen egoeraren isla dela. Zertarako irakatsi Erriberan inoiz hitz egin ez den hizkuntza bat?

Tristea iruditu zitzaidan arren, momentu horretan bertan konturatu nintzen Claudiak ez zekiela aspaldian Tuteran ere euskara izan zela eguneroko mintzaira. Are gehiago, Nafarroako Artxibategi Nagusian aurkitutako epaien arabera, lan egiteko premiazko baldintza zen XVI.mendean:

1535an Gaztelako konkistaren ondoren, Nafarroa hamar urtez izan zen armada kanpotarrez okupatuta. 1512az geroztik, Nafarroako independentzia Pirinioetatik hegoalderako eremuan bertan behera  geratu zen. Orduan, Pedro Lopiz gure protagonista eta Tuterako euskararen lekukotasunaren hari eroalea izango den gizona heldu zen Erriberako hiriburura. Pedro zamorarra zen jaiotzez eta albaitaria ofizioz. Kargu garrantzitsua zen garai hortan garraio militarrak zaldi bitartez egiten baitziren. Pedro, Nafarroan albaitari kargu gorena lortzeko oposizioa egin zuen enperadore Carlos V.a lagun zuelarik. Nafarroako Gorteek eta kofradiek, ordea, beste hautagai bat zuten begi ninian eta epaitegira eraman zuten auzia.

Hori, Nafarroako Artxibategi Nagusian da eta orain dela 500 urte bizi ziren nafarren ohitura, ardura, eta oro har, bizitzaren isla da. Dokumentazioaren arabera, Pedrok bere kontra testigantza eman zutenen aurrean defenditu behar izan zuen bere burua. Zerbitzu kalitate kaskarra ematea, emakumezalea izatea, zorrak izatea eta karta-jokoetan aritzea leporatzen zioten. Alabaina, testiguen artean lauk euskara ez jakitea leporatu zioten, hona hemen gakoa. Lagun horien aburuz, zentzugabea zen lingua navarrorum ez zekien bati kargua ematea eta Pedro Lopizek ez zuen hori “ez hitz egiten, ez ulertzen”. Jatorriz zamorarra izan arren, lekukoek logikoa ikusten zuten Tuteran hamar urte igaro ondoren euskara ikasita izan behar zuela.

Ondorioz, 1535ean, Gaztelako konkistaren ondoren, Tuteran, gaztelaniar elebakarrak, elebidunak eta gaztelania piperrik ere jakin eta ikasi gabe bizi ziren euskaldun elebakarrak elkarbizi ziren, azken horiek bizitza esparru guztiak euskaraz bermatuta zituztelarik.

Deklarazioen artean, eta gaurko egoerari so eginez, beharbada harrigarriena da Tuterako euskaldun elebakarren arduragabetasuna gaztelaniaren ezjakintasunaren aurrean, eta are gehiago, Pedro Lopiz albaitariaren ezjakintasunarekiko harridura. Akten arabera, arazo arrunta izan ohi zen etorkin gaztelarren artean euskara ez jakitea eta “lekuko hizkuntza” ikastea konponbidea omen dela azpimarratu zuten testigu elebidunek.

Gaztelerarik ez zekitenak ez ziren sekula albaitariaren etxera joaten itzultzaile edo elebidun batekin lagunduta, beraz, arazo handia zuen Pedrok eta hori esan omen zion Pedro de Petillas bere kontra testigantza emandako Tuterako bizilagunari. Horrek, Nafarroako hizkuntza ikastea gomendatu zion, XVI. mendean lan egiteko oinarrizko premia zelarik.

Nafarroan Claudiak bezala euskara gaitzetsi eta ofizialtasuna ukatzen duten hainbat pertsonak arestian hori maitatu, bizi, exijitu eta eguneroko jarduna zutenen herritarren ondorengoak dira.

Bada ordua Nafarroari euskararen ofizialtasuna aitortzeko. Bada ordua iragana lege egiteko.