PSOEk piztia esnatu zuenekoa

Euskal Herriko alderdi subiranistek ordezkaritza handiagoa lortu duten arren, eskuin muturreko Vox alderdiak bikoiztu egin ditu apirileko emaitzak, hirugarren indarra bilakatuz.

Zapore gazigozoa utzi dit atzoko hauteskunde gauak. Hego Euskal Herriko alderdi abertzaleekiko babesa handitu bada ere, Estatu mailan faxismoak bitsaren antzera egin du gora, Europako hainbat herrialdetan bezala. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan jokoan zeuden 23 aulkietatik, hamabi talde abertzaleek lortu dituzte, gehiengoa.

Bizkaian EAJk diputatu bat irabazi dio Elkarrekin Podemosi, eta EH Bilduk, ordea, Arabako aulkia berretsi du eta Nafarroan Bel Pozuetak lortu du aurrekoan 400 botoren aldeagatik PSNk eskuratu zuena. Koalizio abertzalea Hego Euskal Herrian gehien hazi den indarra da, 16.000 bozka gehiago lortuz, horietako 9.600 Nafarroan. 

Estatu mailan, ordea, joera oso bestelakoa izan da: PSOEk aurreko bozetan eskuratutakoari eutsi dio hiru aulkiren galerarekin, eta PPk urte hasieran lortutakoaren heren bat irabazi du (22), oposizioaren indar nagusia bilakatuz.

Zalantzarik gabe, datu beldurgarriena alderdi ultraren gorakada izan da: 52 diputatu irabazi dituzte, aurreko emaitzak bikoiztuz eta urtebete eskaseko ibilbidean ganberako hirugarren indarra bilakatuz. Bestalde, Ciudadanosen porrota historikoa izan da: 47 aulki galdu dituzte, eta, hortaz, hamar diputaturekin geratu dira.

Erruak erru

Zein da baina pizti berdea esnatzearen arrazoia? Nire ustez bi arrazoi nagusi daude. Batetik, PSOEk Unidas Podemosi proportzioan zegozkion ministerioak eman ez izana. Sozialistek ez dute bipartidismoaren osteko aro politiko berrira egokitzen jakin eta atzoko hauteskundeak Sanchezen negoziaziorako gaitasun ezaren eta itzuliko ez den garaiarekiko nostalgia, harrokeria eta burugogortasunaren emaitza dela sinistuta nago. Bestetik, PP eta Cs eskuineko alderdiek eta baita hainbat hedabidek ere, Vox partiduaren faxismoa, homofobia, misoginia eta xenofobia zuritzen eta ikusgarri egiten jardun dute azken hilabeteotan, arrakastarako bide(zidorr)a lautzen. 

Bart gauean, lagun batek zalapartatsu zebilen kuadrillako WhatsApp taldean esan zuen Sanchezek lortu duela Franco hilobitik ateratzea Kongresuan diputatu forman berpizteko. Eta erabat ados nago.