Hutsuneak bete

Ez, ez naiz azterketetan kokoteraino gintuen ariketa motari buruz ari. Gogoratzen? Hutsunez jositako testuan zer hitz ipini jakin gabe bic boligrafoaren beste muturrean erantsitako estalkia suminez murtxikatzen genuenekoa?

Beharbada artikulu honentzako izenburu egokiena Tarteak baliatu zatekeen, baina bestearen gertutasuna hobetsi dut, bada, nork ez du inoiz garuna urtu hutsuneak bete izenburu duen ariketa gogaikarri, amaiezin eta txatxuarekin? Ba horixe. 

Itzulinguruak alde batera utzita, denboraren ustiapenarekin natorkizue oraingoan. Eta ez da, ez, afera makala! Nork ez luke nahi bere denbora ahalik eta hoberen baliatu? Jakina da dirua baino garrantzitsuagoa dela denbora, ezin baita berreskuratu; baina horren jakinean gaudelarik ere, etekina ateratzen al diogu gogokoen dugun telesailak zenbait urteren ondoren igorritako denboraldi berriaren episodio bakoitzari bezala? Ez ezta? 

Ni neu oso iaioa naiz tarteko denbora horiek alferrik galtzen, mientrastantoei onura ez ateratzen, alegia. Leku batetik besterako bidean oinez musika entzuten dut. Sakelakoan erantzuteko zain ditudan mezuei bizkar eginez —lehentasunezkorik ez balego, noski eta nire munduan murgiltzen naiz. 

Badira etenaldi horiei probetxua ateratzeko hainbat proposamen. Gaurkoan puri-purian dauden podcastak ekarri nahi ditut lehenengo lerrora. Ezin hobeak dira interesekoak ditugun gaiez janzteko, ikasten ari garen hizkuntzan urratsak egiteko eta gaurkotasunaz blaitzeko. Askotariko tonu eta gaikoak daude, baita euskaraz ere. Hemen, labur-labur, Spotify musika plataforman euskaraz aurkitu daitezkeen batzuk bildu ditut:

Berria FM. Gaurkotasun gaiak genero ikuspegitik heltzen duen Berria Taldeko podcasta. Bi asterik behin eta asteazkenetan zorrotz-zorrotz ontzen dituzte gaiok.

Gaztea Irratia. Euskal Herriko irrati gaztearen irratsaioko saio dibertigarrienak ere entzungai daude. Gaztea PodcastakTop Gaztea, Boom Shaka Laka, Moon Safari, dida!, B aldea, 2 Positive eta Gu saioak, hain zuzen. Mahainguruak, elkarrizketak, musika saioak, debateak eta abar luze bat.

Zuzeu. Euskal hedabide honek 4 saio zabaldu ditu plataforma berdera: Bipareta, gai sakon eta gordinak jorratzen dituena; Barruan Gaude, elkarrizketak ardatz; Euskal Gaizkileak, Zuzeuk eta Bikoiztaile Euskadunen elkarteak elkarlanean sortutako irrati seriea; eta 10 minututan, teknologia berriak eta irakaskuntza hizpide dituen saio emankorra.

Gramofonoa-Etzi.pm. Jendartea, teknologiak, politika, ekonomia eta zientzia gaiak jorratzen ditu, betiere gai eta izaeretan anitza, eta ikuspuntu ezberdinetatik abiatuta.

Podcastak.eus. Azkenik, Argia, Berria, Zuzeu eta Etzi webgunetako podcastak biltzen dituen plataforma harilkatzailea dugu. 

 

Makro plataformez gaindi

App nagusietatik kanpo podcasten ozeanoa handia bezain korapilatsua gerta liteke. Badira ehunka webgune euskarazko podcastak sortzen dituztenak. Horien guztien artean oso interesgarria iruditu zait honako hau:

Xerezade.org. Ezinbestekoa literatura kuttun dutenentzako. Euskarazko audio-liburuak eta literatur podcastak duten hutsunea betetzea xede duen ekimenaren fruitua da. Jasone Larrinaga eta Ana Morales filologo eta itzultzaileak dira proiektuaren sortzaileak eta Bilbo Hiria Irratiarekin lankidetzan ari dira, horren uhinen bidez zabalduz.