Gaitasunak antolatzearen beharraz

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Itaia 2020ko urr. 29a, 08:30

Bi urte igaro dira ITAIA emakume sozialisten sarea sortu zenetik. Genero auzia ikuspuntu proletariotik lantzeko helburuarekin, emakume langileon zapalkuntza fenomenoak aztertu eta egoera bakoitzari aurre egiteko proposamenak garatzen aritu da ITAIA.

Genero problematika ausazko auzia izatetik urrun, prozesu sozial eta historiko baten ondorio da, eta beraz, gizarte kapitalistan forma zehatza hartzen du. Funtsean, aurreko formazio sozialetan egikaritzen zen emakumeenganako dominazioa kapitalaren beharren arabera berregituratu da. Horrek genero problematika botere burgesaren mantenu eta indartzerako mekanismo bezala ulertzera garamatza, botere burgesaren baitako funtzio konkretu gisa, alegia.

Covid-19aren osasun krisiak jadanik egikaritzen ari zen krisi kapitalista bizkortu du, langile klaseko estratu azpiratuenak izanik ondorio gordinenak jaso dituztenak. Horren barruan kokatzen dugu emakume langileon bizi baldintzen kaskartzea, egungo testuinguruan agerikoa baita lan harreman prekarioetara bideratua dagoela emakume langilea. Ez hori bakarrik; lan baldintza okerrek instituzio burgesekiko dependentzia ekonomikora daramate.

Alor erreproduktiboan ere, erreprodukzio sozialerako beharrezkoak diren asistentzia lanak guri egokitzen zaizkigu eta, ezin aipatu gabe utzi tratu txarrak jasaten dituzten emakume langileak, konfinamenduan indarkeria gauzatzeko testuinguruak areagotu baitira.

Baldintza ekonomikoak eragindako testuinguinguruak eta horri aurre egiteko mahaigaineratu diren proposamenen hutsuneek antolakuntza politikorako saltoa emateko urgentzia politikoa markatu digute. Emakume langileon askapen erreala antolatzera bidean, programa sozialistaren baitan egingo du lan ITAIAk, Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Harreman eredu sozialistaren eraikuntzan, Bilboko ITAIAk eskualde mailako lan politikoari hasiera eman nahi dio.