M25 kalera! Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña!

Konfinamendu garaian ikasle askok ikasketa prozesua aurrera eramateko ezintasuna, baliabide falta, etxetik atera ezinik egonda ikasi eta azterketak egin behar izateak eragindako antsietate egoera, egoera horretan ere selektibitatea bezalako frogak mantentzeak eragindakoa, pandemiaren aitzakiapean ikasketa prozesuari eragiten dioten erabaki arbitrarioen justifikazioa (azterketen, ebaluazioaren, ordutegien eta abarren inguruan), plataforma digitalen bitartez garatzen diren kontrol mekanismoen zorroztea (berandutzeen kontrola, falten zenbaketa, etxerako lanen kontrola…), ikastea ez den guztia debekatuta egonda ere ikasketa eta ebaluazio prozesuarekin berdin jarraitzea, ikasleon erabakimen gaitasuna are gehiago murriztea, ikastetxeetan emandako kutsatzeen errua gure gain jartzea, ikasleonganako jarrera autoritarioen normalizazioa eta abar luze batek ezaugarritzen dute pandemia garaiaren hasieratik ikasleok jasaten gauden egoera. 

Komunikabideak, gobernuak, etab. lan handia egiten ari dira, gizartearen beste esparru batzuetan bezala, hezkuntzan ere ustezko normaltasun iruditegi bat osatzeko. Diskurtso honen arabera, hezkuntza prozesua arazo nabarmenik gabe aurrera eramatea lortzen ari da, ikastetxeetan neurri sanitario guztiak betetzeko protokoloak aplikatzen ari dira eta ikasleon baldintzak ez dira okertu. Eta ez hori bakarrik, kutsatzerik eman bada ikasleon arduragabekeriagatik izan da eta ikasketa prozesuan arazoak ematen badira belaunaldi berriok dugun ikasteko gogo faltagatik eta ikasketekiko lotura ezagatik da. Honen bitartez, ikasleonganako kriminalizazioa, infantilizazioa eta jarrera autoritarioak normalizatu egiten dira, hezkuntza esparruan hartutako edozein erabaki justifikatzen da eta ikasleon babesgabetasun egoeran sakontzen da. Zentzu horretan, hezkuntzaren egoera tamalgarria da eta ikasleon baldintzen okertze nabarmena ematen ari da.  

Adibide guzti hauek, kasualitate hutsa izatetik urrun, oro har gizartean eta konkretuki hezkuntzan ematen ari diren sakoneko aldaketa eta joera batzuen erakusle argiak dira. Izan ere, pandemiak azkenaldian garatzen ari zen krisi kapitalistaren bizkortzea eragin du. Ondorioz, langileriak -bizirauteko bere lan gaitasuna saltzera behartuta eta pobreziara kondenatuta dagoen klase soziala- aurretik jasaten zituen arazoak sakondu eta hedatu dira. Burgesiak -ekoizpen baliabide guztien jabetza pribatua duen klasea bere aberastasunaren metaketa arriskuan ikustean langileon aurkako ofentsiba jarri du martxan: kaleratze masiboak, soldaten murrizketa, presentzia eta jazarpen polizialaren areagotzea, oinarri sanitariorik gabeko askatasun zibil eta politikoen urraketa (etxeratze agindua, mugikortasunaren mugapena…) eta abar. Testuinguru honetan, pobrezia orokortzen ari da, gizartearen gero eta masa zabalagoak ez dira janaria edo etxebizitza bezalako oinarrizko betebeharrak asetzera heltzen.  

Pobretze testuinguru horretan, burgesiari beharrezkoa zaio ordena soziala mantentzea eta horretan funtzio estrategikoa betetzen du hezkuntzak. Izan ere, etorkizuneko langileria behar dituzten ezaugarrien arabera moldatzeko aukera ematen du hezkuntzak. Beraz, egungo hezkuntza eredua etorkizuneko gizarte ereduarekin zuzenki lotuta dago. Beharrezkoa bazaie gizarte eredu autoritario bat eraikitzea zeinetan langileria pobrezia

sakonean bizi den, ez duen inongo erabakimen gaitasunik, kriminalizatua den, etengabeko jazarpena jasaten duen eta protestarako aukerarik ez duen, joera hori hezkuntzan garatzen hasiko dira. Zentzu horretan, uste dugu tendentzia horretarako aukera zabaldu dela pandemia testuinguruan, hezkuntzan sakoneko aldaketak abiatuz eta pandemiari lotutako neurri koiuntural gisa mozorrotuz.  

Horren aurrean, IKASetik (Ikasle Autodefentsa Sarea) hezkuntzan ematen ari den autoritarismoaren gorakadaren aurkako kanpaina politikoa abiatu zuten abenduan. Bilboko Ikasle Abertzaleaketik bat egin genuen kanpainarekin, Bilboko ikastetxeetan gaia lantzeko konpromezua hartuz. Izan ere, momentu garrantzitsua bizi dugu, ikasleok autoritarismoaren gorakada identifikatzea, honen aurrean era eraginkorrean antolatzea, ikasleon interesen aldeko neurriak borrokatzea eta ikasleon eskubideen defentsan mobilizatzea urgentziazko eginbeharrak dira. Gainera, azpimarratzekoa da autoritarismoaren gorakada hezkuntza ereduari zuzenki lotutako auzi estrategikoa dela eta zentzu horretan langileria osoari eragiten diola. Horregatik, bat egin dugu IKASek martxoaren 25erako deitutako Borroka Egunarekin eta mobilizazioak antolatu ditugu Bilbon ere: Errekalden eta Deustun. Batu mobilizazioetara! 

Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña!