Gaur da bihar?

Erabiltzailearen aurpegia Irati Agirreazkuenaga 2017ko ots. 28a, 09:50
Argazkia: media-cache-ak0.pinimg.com

Testuingurua: Anberesen nago, Flandriaren iparraldean, Belgika estatuaren baitan antolatutako mintegian. Europar Batasunak onartutako Heziketa Birpentsatzen (oinarrizko eta derrigorrezko eskola heziketa, lanbide-heziketa, unibertsitatea, pertsona helduen formakuntza) programaren barruan, ikasleek etorkizuneko beharrak aurreikusteko eta ideia berritzaileak burutu ahal izateko proiektuaren zirriborroa jarri du martxan Herbeheretako Fontys Creative Industries unibertsitateak. 

Bertan gaude Budapest Metropolitan (Hungaria), Karel de Grote University College (Belgika) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (Euskal Herria) irakasleak baita. Proiektuaren xede nagusietako bat da ikasleek etorkizunaren inguruan duten kontzientzia edo aurreikuspenerako gaitasuna hobetzeko metodoak eta ikastaroak antolatzea. Ikasleei etorkizunean negozio bide iraunkorragoak eta sozialki arduratsuagoak sortzeko tresnak eskaintzea litzateke beste nahi garrantzitsuenetakoa. 

Aktore nagusiak: aipatu unibertsitate batzuetako –Belgika, Herbehereak, Hungaria– 15 ikasle; 20-22 urte ingurukoak, komunikazioa, ekonomia eta nazioarteko bizimoduak (international lifestyle studies) ikasketak. 

Korapiloa: eguneko azken ariketan, ikasleek euren taldeetan 2050eko gizakien ongizatea nabarmenki hobetuko duen zerbitzu edo produktua aurkeztu behar dute, funtzionamendua eta bideragarritasuna zehatz-mehatz azalduz. 2017tik 2020ra, ondoren 2030, gero 2040 eta azkenik 2050 bitarte zerbitzu edo produktuak izango dituen trantsizio egoeren berri ere emango dute. 

Emaitza: gure osasuna eta ongizatea bermatzeko gorputza barrutik kontrolatuko digun txip delakoa, horixe lau taldetatik biren etorkizuneko asmakuntza positiboa. Hasiera batean aukerazkoa izango bada ere, 2050ean derrigorrezkoa izango da gailua gorputz barnean eroatea eta gure osasunean ondorio positiboak besterik ez dituen jarrerak izatera bultzatuko gaitu –beraz gailuak uste badu gaur ez duzula garagardorik hartu behar, edo txokolaterik jan behar, edota goizeko bostetara arte parranda egin behar, nola edo hala jakinaraziko dizu; kontra eginez gero, gorputzean izan ditzakezun emaitza negatiboak bikoiztu egingo dizkizu (ondo ikas dezazun, noski). 

Ni bezala, zu ere, irakurle, zur eta lur egongo zara 20 urte inguruko gaztetxoek horrelako asmakuntza irribarrez aurkeztu zutela jakitean. Eta 2050erako irudikatutako gizarteak Orwell-en 1984koa zirudiela pentsatuta, ea benetan derrigorrezkoa izango dudan gailu hori barnean eroatea –pentsamenduaren kontrola– galdetutakoan, herbeheretarrak, serio, “ez dut uste besteek baino osasun kaxkarragoa nahi izateko bezain pertsona inozorik egongo denik”, erantzun. Black Mirror-en gidoilarien aurrean ote nengoen? 

Esaten ez dena, ez da. Buruan geratzen da, giltzapetuta, ez da errealitate nabarmen, ukigarri, bustigarri, sortzaile bihurtzen. Zelan irudikatzen duzu zure etorkizuna 2050ean? Arazo gehiago al ditugu etorkizun baikorra irudikatzeko? Mintegiak iraun zuen bi egunetan, irudikatutako etorkizun motarako gai librea ezartzean, etorkizun ilun, ezkorrak gailentzen ziren. Zer motatako etorkizuna ari gara orain arte irudikatzen? Badira berriki asko poztu nauten bi berri. Joan den asteko Argia-ren Zenbatek ulertzen dute euskara? erreportajeak eta Campusa aldizkarian neurozientzian doktorea den Maria Victoria Sanchez irakasleak elkarrizketa batean Matrix eta fikziozko beste pelikula batzuen errealitatetik oso urrun gaudela baieztatu izana.

Bueltako hegaldian datorren astean dudan mindfullness edo orainean osotasuna topatzeko tresnak eskaintzen dituen mintzaldirako hitzordua dudala gogoratu dut. Zergatik gaude etorkizunaz hain kezkatuta, orainaren inguruko kontzientzia hobea izateko erremintak daudenean modan? Anberesen fikziozko eszena baten parte hartu nuela sinestarazten hasi natzaio neure buruari. 

 

Testua: Irati Agirreazkuenaga

Argazkia: media-cache-ak0.pinimg.com