Garaia iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Julen Orbea 2021ko mai. 10a, 11:20

Gaur bi hilabete Iratik Aranjuezko espetxea utzi eta gurasoengandik banandua izan zela.Bi hilabete gurasoak ikusi gabe. Ama eta aita El Duesoko espetxean ditu orain.

IratiGurasoekinEHra dinamika abiatu genuen duela urtebete eta hilabeteko zortzigarren egunean hainbat ekimen antolatu ditugu. 

Urtebeteko ibilbidean piraguan, bizikletan, kalejiran ibili gara, dozenaka eragilerekin bildu gara eta erabateko adostasun maila eta babesa jaso dugu, hainbat arlotako esparru zabaletan. 

Motxiladun umeen eta beraien eskubideen aurka nor egon daiteke?

Ume hauek eskubideak bermatuak izateko, gure eskariak zehatzak izan dira:

▶Euskal Herriko espetxeak egokitzea eta familientzako modulo mistoak prestatzea.

▶Gurasoak etxetik ahalik eta hurbilen izateko sakabanaketa bukatzea.

▶Espetxetik kanpo zaintzapeko pisuak antolatzea.

Covid19ren ondorioz, familien egoera asko larritu da eta horrek gure indarrak biderkatzera eraman gintuen. Katixa Agirrek idatzitako manifestuak 4000 lagunen babesa izan zuen eta ehundaka pertsonek argazkiz josi zituzten sare sozialak! 

Aulki morea ikur hartuta, kalera irten ginen, txandaka bizikletan Bilbotik Aranjuezeko espetxera dauden 450 kilometroak egin genituen. Familien larritasuna ikusarazteko ekimenak antolatu genituen hilabetero. 

Gaur duela bi hilabete Irati motxiladun haurra bilakatu zen. 88 ume eta nerabe dira gurasoen atzetik oraindik ere ibili behar direnak kilometroz kilometro. Bada bi urteko haur bat, Izadi, gurasoekin bizi dena Aranjuezko espetxean eta Iratik bizitako egoera bizi duena gaur egun. IzadiGurasoekinETXERA dinamika babesteko deia egin nahi dugu. Sare sozialetan topatuko duzue eta Algortatik zein Burlatatik bultzatzen ari dira. Jarri harremanetan beraiekin eta bultzatu dezagun denok batera, Iratiren alde egin izan dugun bezela!

Presoen seme-alaben eskubideak bermatuko dituen etorkizuna denon artean bultzatuz argituko da. Herritarron gehiengo zabalak hain argi duena orain administrazio ezberdinei dagokie egikaritzea eta urrian datorren espetxe eskumenen transferentzia baliatu dezatela exijitzen dugu. 

IratiGurasoekinEHra dinamikak gaur bukatzen du bere ekinbidea. Iratiren gurasoak El Duesoko espetxera lekualdatuak izan arte itxaron dugu eta hemendik aurrera Sare Herritarraren dinamikak babesten jarraituko dugu. Iratiren eskubideei sostengua eman diezuen guztioi, eskerrik asko! Zuetako bakoitzaren aletxoa oso garrantzitsua izan da familia elkarrekin egon ahal izateko, pausuak emateko! 

Kartzelak hutsik egongo diren herri bat amesten dugunok familiak etxean nahi ditugu eta denok batera lortuko dugu! Orain etorkizuna marrazten hasteko garaia iritsi da eta presorik gabeko Euskal Herria marrazteko, lehenbailehen presoen eta beraien seme-alaben eskubideak bermatuak izan behar dira. Bide horretan topo egingo dugu.