Beti izango dugu Bilbao

“...Beti izango dugu Bilbao. Dena zen grisa eta zu urdinez, min bat badago iraganean, denbora pasako da? kantua zara…Bilbao” idatzi zuen Fermin Muguruzak duela 20 bat urte.

85 urteko atzera begira jarri gara Bilbon. Azken milizianoak Artxanda eta Malamasinen Bilbo defendatzen. Bizkaiko hiriburua erori eta hamarkada luzeko iluntasuna ekarri ziguten. Gerra, biolentzia eta errepresio politiko zein kulturala ekarri, ekarri baitziguten.Begoñako hilerrian agertutako gorpuzkinak, gorputz zireneko 1937ko udaberrira begira, ez ahaztu, ez ahaztu…xuxurlatzen dute hezurrek, hiriaren erresistentzia antifaxistaren ikur bihurtu diren hobietatik.

Efemeridea heltzen denean, memoriari tartea egiten diogu. Amamek aipatutako lekuetara bueltatzen gara, bizirik dirauten eraikinetara goaz, zuribeltzezko argazkietara bidaitzen dugu. Hiria faxisten esku erori zen baina gaur udaberrian Bilbo ehundaka ekimenez betetzen da. Auzokide, eragile eta borroka ezberdinek plazak betetzen dituzte.Garaituak izan ez garenaren adierazle argiena.

Ekaina berriro eta kultur aniztasuna ospatzeko arrozek, kalitatezko osasungintza publiko baten defentsak, hiri turistifikatuaren ondorioen salaketak, auzoetako jai herrikoien indarrak, liburu azokako letrak, gazte egunak,...Bilboko auzoak borborka agertzen dira aurten ere, hemen gaudela, altxatu garela eta bizirik gaudela ahaztu ez dezagun..   

Oroimena, etorkizunera begira jarriko gaituen tresna gisa, errautsetatik zutitu eta oinez jartzea lortu izanaren seinalea da. Ez dira datu eta data hotzak, ez da iragan beltz baten ahanztura ezta garai grisen nostalgia ere. Nondik gatozen argi izan behar hori, memoria kolektibo hori, gaur borrokan jarraitzeko pizgarria eta biharko borrokak marrazteko bidea dira aldi berean..

Astelehenero pentsio duinen alde borrokan dagoen amamak gogoratzen digu etenik izan ez duen hari hori. Euskaria abesbatzako ahots batek gogoratzen digu Bilbo Kantari ekimenak bizirik dirauela. NATOren aurka kalera aterako den gazteak gogoratuko dio aurka bozkatu eta 86ko kontzertu hartan egon zenari. Udaberriko bertso saioek, frankismo gordinenean Arenalean irabazitako txapela oroitzen digute. Hari berean doaz Euskaldunako itxiera salatu zutenak eta gaur erresidentzietan, Guggenheim museoan edo Metalaren konbenioa hobetzearen alde dauden langileak. Hari horren jabe da duela 30 urte Bilboko Gaztetxearen desalojoan egondakoa 7katu zapaltzen duenean, Kukutza, Sorgintxulo eta hainbat gune askeren lekuko. Dozenaka bizipen hari berean, hiri berean.

Faxisten sarreratik 85 urte beteko diren egunaren bezperan, bilbotarrok badugu zer ospatu! Hemen gaudela, zutik, borrokarako prest eta etorkizunaren ateak parez pare zabalik! Antifaxista izatea jarrera bat da, eta izateko era bat. Hiri feminista, ekologista, antiarrazista, behetik gora eta auzoetatik zentrora eraikitzen goazen Bilbo berri bat eraiki nahi dugunon izaera. Larunbatean, arratsaldeko 17:30etan ekarri zure ikur eta aldarrikapenak Arriagara.