Agur Abasolori

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2017ko mar. 10a, 09:30

Argazkiak: Girondo-Etxaniz sendia

1932tik Girondo familiak kudeatu duen Abasolo txakolinak otsailaren 5ean zabaldu zituen azkenengoz bere ateak Lezamako Trenbide Zaharreko bidean. 

Eraikina “jausteko zorian dago” diotzo BERTON-i Javier Girondok. Javi bera osasunez ez dago ondo. Hanketako mina dela eta, ezinean ibili da aspaldian, eusten. Azkenaldi honetan, bajan. Tabernako ardura nori utzi ez zuela eta, taberna ixtea erabaki du. 

Egun, lau lagun bizi dira Lezamako Trenbide Zaharreko 98an, Abasolo txakolin zaharreko eraikinean. Javi, aita, anaia eta beste bizilagun bat. 2009an eraikina enpresa batek erosi zuen, epe laburrean eraitsi eta eraikin berria egiteko, baina ordutik zain daude. “Harrezkero urtero esan digute obra hasiko dutela, baina ezer ez. Txaplata eta txaplata jarri ibili gara”. 

Atsekabetuta dago Javi itxierarekin. Ez da erraza izan bere aitite-amamak 1932an hartu zuten txakolinaren ardura uztea. Baina hanketako minak ez dio utzi aurrera egiten. Triste dago batik bat auzokide adinekoengatik. Abasolon eguna ematen zutenek ez dute nora jo orain. Gazteagoek Zurbaranbarriko tabernetara jo dute. 

Baina taberna bat ezin da alderatu txakolin batekin. Platanonodoak, terraza, oilasko errea, Athleticek gola sartzean Andoni Javiren kideak jaurtitako bolanderak... hori guzti hori eta gehiago izan da Abasolo. “Oso leku atsegina”. 

1985ean hasi zen tabernan lanean Jabi, “soldadutzatik itzultzean”. Bere aita Jose Txetxin Girondori eta ama Esther Etxanizi laguntzen. “Lan handia egin zuten gurasoek”, gogoan du. Baita bere izekoek ere. Manoli, Mari eta Begok ere. “Batik bat bakailaoa eta beste hamaika lapiko prestatzen”. Etxe barruko sukaldean eta txakolin kanpoaldean Pilar egunez prestatzen ziren bakailao kazolak, 120 inguru, “Aste Nagusian baino gehiago”, ez ditu ahaztu Javik. “Sinestezina zen”, dio inguruan elkartzen zen jendetza eta giroa: dantzariak, pailazoak... “gure aitak kanpoaldean barra bat muntatzen zuen tabernan denentzat lekurik ez zegoelako”. Askoz gutxiago dira, azken urteetan Uribarriko jaietan Abasolora bakailaoa prestatu eta bazkaltzera hurbiltzen direnak. 10 bat kazolaren bueltan elkartzen diren auzotarrak, hain zuzen ere. Izan ere, garaiak aldatu dira, kontsumo eta aisia ohiturak bezalaxe, eta Abasolok etsi egin du ohitura aldaketak, krisi ekonomikoak, konstruktoren atzerapenak eta osasun arazoek eraginda. Baina mahatsorriek ez dute erraz ahaztuko. Oroitzapen polit asko utzi ditu denen oroimenean.