Facebook bidez jakinarazi diote txiste batzuk mingarriak direla, eta Soiz 3ko tabernariak barkamena eskatu eta ezabatu ditu. Ordurako, baina, sare sozialek eragiten duten zurrunbiloa martxan zegoen, atzera bueltarik gabe. Emakumeen depilazioari eta desio ez den haurdunaldiari buruzko txiste matxistak bolo-bolo zabaldu dira Facebook erabiltzaileen artean. Bat-batean tabernan erakusgai izan dituzten aipamen nazkagarrienak norbaitek bilduta zituen. Eta berehala iritsi da Soiz tabernari boikot egiteko deia ere.
Hiruzpalau egunetan sortu den iskanbilarekin, tabernako arduradunek zenbait komunikabideetara jo dute euren bertsioa azaldu asmoz. Txisteak tabernako arbelean idatzi dituena emakumea da, ama. Nork eta berak idatzi ditu sekulakoak, gizonik atzerakoienetik irtetea aurreikusten diren hitz pozoinduak. Harrigarria. Matxismoa gu denon barruan dago, nonahi dago; ikusezina da. Onar dezagun. Hau baino froga argigarriagorik!
Tabernaria konturatu da idatzi dituen astakerietaz. Jabetu da txisteek eragin zezaketen minaz ere. Barkamena eskatu du. Eta ez da horretan geratu. Bere eskuetatik irtendako mezu iraingarrien arrastoak ezabatu ditu, eta publikoki barkamena eskatzeko komunikabideetara jo du. Aurpegia erakutsi eta bere burua zuritzeko eta negozioa salbatzeko azalpenak eman ditu, besteak beste. Baina egin du. Behar bezala erantzun duela esango nuke.
Gaur, "Gure zapalkuntzarekin barrerik ez. No es humor, es machismo" dioten margoketak egin dituzte bere tabernan. Zurrunbiloak ez duelako atzera bueltarik.