Urtarrilaren 30eko grebatik, Zaldibarko zabortegi eta hauteskundeetara

Irudia: ELA

Bi aste igaro dira urtarrilaren 30ean pentsionistek, sindikatuek eta mugimendu sozialek Hego Euskal Herri mailako greba orokorra deitu zutenetik. Aste bete igaro da Zaldibarko hondakin industrialen zabortegia erori, AP-8 autopista blokeatu eta gerora jakin genuenez, bi langile lurrazpian harrapatu zituenetik.

Zergatik nahastu hiru gai hauek galdetuko duzue askok. Izan ere, hainbat dira, gehien bat lehenengo bien inguruan, hau baino lehenago eta zorrotzago idatzitako artikuluak, baina bada zerbait hausnarketarako bide eman didana eta hiru gai hauek nahastuz hobeto azal dezakedana. 

Aspirazio handiak zituen urtarrilaren 30eko grebak. Izan ere, mugimendu sozial ezberdinen arteko konfluentzia eta kohesiotik, pentsio, lan eta bizitza duinak jarri ziren erdigunean. Duintasun hori konkretura eramateko asmoz, gizartearen gehiengoak onartzen dituen eta egingarriak diren aldarri zehatz eta argi batzuk jaso ziren: pentsio murrizketak indargabetzea, erretiroa hartzeko adina 65 urtetara itzultzea, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, lan erreformak bertan behera uztea... eta noski honen guztiaren errudunak mahai gainean jarri ziren, horrela eredu ekonomiko eta sozial oso bat kolokan jarriz. 150.000tik gora pertsona mobilizatu ziren ostegun hartan. 

Kopurua ez da txarto egongo agian baina nire sentsazioa da grebak planteatzen zituen espektatibetatik urrun geratu ginela. Eta egia da greba, helburu baino, herraminta bezala planteatua zegoela, eta hau guztia hasi baino ez dela egin. 

Baina mugimendu sozialen arteko konfluentzia lortzen dugunean, gizartearen gehiengoak gure aldarriekin bat egiten duenean, prekarietateak egunero kolpatzen gaituenean (ekar ditzagun gogora ordurako hilda zeuden 11 langileak) eta eskubide sozialak borrokarekin eskuratzen direla gero eta argiago dagoenean (gogoratu metaleko grebaren ostean patronalarekin lortutako hitzarmena) ezin gara berriro ere espazio politiko eta sozialik irabazi gabe geratu. Ez ginen kapazak izan gure aldarri eta kexuak eredu kapitalistarekin lotzeko, eta gehien bat ez ginen kapaz izan jada greba aurretik gurea zen oinarri sozialetik haratago heltzeko. Niretzako, honen adierazpen argienetakoa da horrelako aspirazioak dituen greba egun bat bukatu ere egin ez denean, Eusko Jaurlaritzan dagoen alderdi nagusiak “fracaso absoluto” bezala katalogatzeko duen harrokeri eta segurtasuna. 

Baina, “Ay amigo!”. Hortik aste betera... hegemonia absolutoak ematen duen lasaitasun batek, aspaldi zegoen txosten bati egindako kasu urriak, eta nork daki, azaroko euriteek?... gure konfluentzia, gure mobilizazio eta gure plangintza guztiek baino krisi sakonagoa sortu dute Eusko Jaurlaritzan. Duela hiru hile prestatzen hasitako greba batek baino buruhauste gehiago sortuko dizkio honek Urkullu lehendakariari, egon ziur. 

Nik ez dut uste jeltzaleak bihotzgabe eta ankerrak direnik, ez gertakarien aurrean emandako erantzunarengatik behintzat. Baina argi dago euren erantzuna bihotzgabe, ankerra eta bereziki traketsa izan dela. Eta urteetan gaur ezker eta bihar eskuin, gaur zuri eta bihar beltz, herri osoa batzokitzat izan duen alderdiak, greba orokorrean mobilizatu den jende guztiari bizkar emateko gai den alderdiak... tupust! Zelako ‘kagada!’ Eta ez, honek ez dagokio bihozgabekeria bati, beldur den alderdi baten erantzunari baino. Urduri dagoen alderdi baten erantzunari. Barkamenik ez, senideen minari aitortzarik ez, “Zabortegira bisita? Nik ez!” langileen segurtasunak bost, langileen bizitzak bost. 

Eta hala er hauteskundeak aurreratzea ondo datorkiola erabaki du lehendakariak. Ez nuke jakin nahi non dagoen zabor gehiago, Zaldibar pareko autopistan edo Jaurlaritzako paperen artean. Ez nuke jakin nahi, apirilaren 5ean EAJ-k berriro ere hauteskundeak irabazi eta hilabete batzuk pasatu ostean, zenbat zabor aterako den argitara. 

Eta horregatik, bukatzen joateko, esango nuke guk Herri Mugimendu gisa badaukagula betebehar bat. Filosofia egokiarekin gabiltzalako lanean, baina hau gure egunerokotasunera eraman behar dugulako. Krisiak ez dizkiogulako alderdi bati sortu behar, sistema bati baino. Eta horrela, greban mahai gainean jarritako lan egiteko era: konfluentzia, kohesioa, aldarrikapen gauzagarriak... gainerako espazio sozialetara eramatea ezinbestekoa dela, akatsetatik ikasiz, sistema kapitalistan arrakalak sortzen jarraitzeko. Zaldibar bat gertatzen den bakoitzean, sistemaren aurkako eta bizitzen aldeko uholde batek Euskal Herria hartu dezan. Zaldibar ez dadin Zaldibarren geratu eta greba bat, ez dadin egun baten geratu.