Piztu dira sirenak, gurekin edo gu gabe, eman pausu bat aurrera!

Irudia: Unai Beroiz

Piztu ditugu sirenak. Orain has daitezela dantzan. Kolore gorriak har ditzala gure herri eta eskualdeetako kaleak. Arrakalatu ditzala sirena baten hotsak herri honetako jauntxo eta dirudun guztien ametsik goxoenak.

Ez gara erosoak askorentzako. Kolore gorria eta sirena hotsa ere ez dira erosoak askorentzako. Baina traba egitea ez da nahita aukeratu dugun zerbait. Barkamenik beraz, ez dugu eskatuko. Batzuei bai agian: “barka iezagula bidean nahigabe zauritzen dugunak”, hemendik gutxira sirena bat hartu eta gurekin piztuko duelakoan gaude. 

Izan ere, gazteak gara. Gazteak, larrialdi egoeran. Ez da samurra aurrean dugun mundua. Indigestioa ere eragiten dio askori. Eta indigestioen aurrean ohikoak dira samurra ez dena leuntzen saiatzen direnak. Pirrileraren usain txarra komuneko ponpari askotan ematen estaltzen saiatzen direnak. Eta horregatik, begi nagitsuz hartuko du nire eskuorria goizeko zortzietan metroan aurkitzen dudan gazteak.  “Betiko leloarekin dator hau” pentsatuko du. “Cuanto peor, mejor” esango du agian. Baina gauzak, gutxinaka, aldatzen hasi dira. Ez al da horrela? Ze gazte ez da izan kriminalizatua? Ze gaztek ez du azken urteko ikasketa prozesu guztia erdizka eman? Nork ez du antsietate edo depresiorako joerarik eduki? Nor ez da osasun sistema publikoaren ahultasunarekin larritu? edo bere gurasoetako batek COVID-a hartu ezkero gertatu ahalko litzatekeenarekin larritu? Eta agian, eskuorria ez du horren begi nagitsuz hartuko.

Izan ere, nik ere nahiko nuke, zapata baino gogorragoa den okel zati baten aurrean, amamaren okela gisatua ikusi. Baina ez dakit, aurrean dudan mokadua, 50 aldiz murtxikatu arren eta azukre zein estebiarekin gozotu arren, ez dagoela irentsiko duenik.

Eta irensten gaituztenean, ez dago apatiarik sentituko ez duenik, ez dago amorrurik edo gorroturik sentituko ez duenik. Aurreko belaunaldiak baino txarrago biziko den lehen belaunaldia izango garela diogu sarritan ezkerreko mugimenduok. Horrela, alienatutako ehundaka gazteren neuronak gureganatuko ditugulakoan. Baina ez, niri adibidez, ez dit lar axola aurrekoek baino hobeto edo txarrago bizitzeak. Bizitzea da nahi dudana, zapaldua izan gabe eta zapaldurik gabeko herri batean bizitzea. Eta ez, gaur egun Euskal Herriko langileria ezin da Euskal Herrian era duin batean bizi, baina ez lehen ez eta orain.

Hiru euskal gaztetatik batek ez dauka lanik. Euskal Herrian 16.196 gazte daude langabezian. Emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtekoa da. Gazteok gure soldataren %45 bideratu behar dugu etxeko alokairua ordaintzera. 263.897 etxe huts daude. Ikasketa prozesu bat duintasunez aurrera eramatea ezinezkoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan buruaz beste egitea da 15-29 urte bitarteko gazteen artean lehenengo heriotza arrazoia eta egoera pandemiko honek depresioaren eta suizidio tasen igoera ekarri du berarekin.

Gazteria (eta orokorrean langile sektore prekarizatu eta periferikoen masa osatzen dugunok) beste inork onartuko ez lituzkeen bizi-baldintzak onartzeko prest dagoen sektore sozial gisa definitzen da sarritan. Kapitalismoaren funtsezko tresna, kate produktiboaren beharretara egokitutako lan indar merke eta alienatua sortzeko garaia.

Ernai Antolakundea euskal gazteriaren tresna izateko jaio zen, eta hauxe da bere oinarrizko funtzioa. Horregatik Ernaiko militanteok eta ingurukoek urteak daramatzagu euskal gazteriak tokian toki eta maila nazionalean sufritzen ditugun zapalkuntza ezberdinei erantzuten. Zapalkuntza horien gaindipenaren bidean alternatibak eta kontraboterea eraikitzen. Horren adibideak zenbaezinak dira. Bide horretan egindako lan militante zintzoa ez da neurgarria. 

Maiatzaren 7an, oraindik ere testuinguru pandemikoan eta alarma egoera bertan behera utzi baino bi egun lehenago Ernairen markapean pausu bat aurrera ematea erabaki dugu. Klaserik gabeko Euskal Herri aske bat dugu xede eta bide horretan eraldaketa sozialean sakontzea egokitzen zaigu. Eraldaketa sozial hau herritarren eta instituzio propioen burujabetza hedatzetik etorriko da. Horrela ulertzen baitugu guk burujabetza, norberaren buruaren jabe izan eta norberaren bizitza eta gizartearen inguruko erabakiak hartzeko gaitasuna erdiestean. Gaitasun hau, botere hau, eguneroko militantzian lantzen da, ez digu inork zerutik ekarriko. Ez dugu horrela ulertzen eta ez dugu horrela ulertu nahi. Egunero gure herri zein auzoetan egiten dugun lana izango da herri burujabe baten oinarririk sendoena. 

Aurrerapauso hau beraz, euskal gazteriak eman beharra dauka, bere osotasunean. Gonbitea, argia da, etorri maiatzaren 7an Bilbon antolatutako manifestaziora. Baina inplikazioa askoz haratago doa. Ez bazara Ernaik deitutako mobilizaziora etorriko, eman aurrerapausoa  berdin. Gure manifestazioan edo besteren batean, gaztetxe baten edo jai batzorde batean, bidean elkartuko gara eta.

Izan ere, langile sektore bakoitzak bere zapalkuntza propioen gaindipenera begira antolatzeko eta mobilizatzeko ardura dauka. Subjektu bakoitzaren potentzialitate guztia garatzea beharrezkoa da. Homogeneoa dena ez da indartsuagoa, berdin hitz egiten duena ez da indartsuagoa. Gure iraultza, iraultza txikien batasunetik sortuko da, gure iraultza, iraultza asimetriko bat izango da. Aspaldi hasi zena eta noiz bukatuko den ez dakiguna. Ernaik urteak daramatza aliantzak egiten, urteak daramatza greban dauden langile komiteekin harremanetan, pentsionisten borrokarekin konprometituta, mugimendu feministaren eta feminizatutako lanetan dabiltzaten emakumeekin elkarlanean, errefuxiatu eta etorkinen borroka hauspotzen… euskal gazteriaren tresna bat izateko jaio gara, hau delako Euskal Herriko langileriaren tresna izateko daukagun erarik onena. Eta bide horretan, funtsezkoa da gure borroka langileria guztiak sufritzen duen zapalkuntzarekin lotzea eta langileria osoaren borrokarekin uztartzea.

Horregatik diogu, Maiatzaren 7an gure ordua heldu da. Euskal Herriko gazte (eta ez hain gazte) guztion ordua.