Apple, sagarraren zapore gazi-gozoa

Argazkia: Andy (www.flickr.com/photos/atmtx)

Ahoz aho dabilen enpresa da. Teknologia jainkotzat hartu dugun gizarte honetan, Apple marka gurtu beharreko ikonoa bihurtu zaigu. Bere sortzailea hil zenean, zientoka lagunek kandelak piztu zituzten bere denden erakusleihoetan. Zalantza barik Teknologiaren Jainkoak sagar forma hartu zuen gurean izateko, baina ikusteko dago behin koska eginda, zaporea gazi-gozoa ote den.

Apple etxeak aste honetan bere Iphone telefonoaren azken bertsioak aurkeztu ditu. Iphoneak 10 urte bete ditu eta bere produktu izarra bilakatu da, bere salmenten %60 baino gehiago suposatzen duelarik.

Iphonea ez da izan Applek aurkeztu duen apustu bakarra. Aurkezpena Apple Parken izan da, enpresak estreinatu duen egoitza berrian, Steve Jobsen azken ametsa. Egoitza diseinatzeko Norman Foster arkitektoa aukeratu zuten 5.000 milioi euro inbertituz. Etorkizuneko egoitza izan nahi du, baita itxuran ere, espazio-ontziaren forma dauka eta urtea bukatu aurretik enpresaren 12.000 langileak bertan lanean arituko dira.

Ez da lehen aldia halako enpresa teknologiko batek puntako arkitekto batengana jotzen duela. Facebook duela bi urte Frank Gheryk diseinatutako eraikin berrira mugitu zen eta orain Applek antzeko bidea jarraitu du, Norman Fosterren eraikinera mugituz. Applek oso argi zeukan diseinua bere produktuen ikur nagusia zela eta eraikinaren ezaugarria bilakatu du, denak laguntzen duelako saltzen.

Teknologiaren iraultzaileak  

Duela 41 urte Steve Jobsek Apple Computer sortu zuen. Merkatua erabat berritu zuen apustua izan zen Jobs eta bere bazkideena. Apple I ordenagailua aurkeztu zuten eta harrera bikaina izan zuen. Apustu ausartak eginez egin du Applek bere ibilbidea. Ordenagailuak kontsumo masiborako diseinatu zituen, garai horretan enpresa handiek soilik erabiltzen zituztenean. Duela hamar urte teklaturik gabeko telefonoa aurkeztu zuten, Blackberrya erregea zen garaian. Azken finean erabiltzailea diseinuaren muinean jarri izan du Apple etxeak, erabilera errazeko diseinuzko produktuak sortuz. 

Lehen urteak korapilatsuak izan ziren, baina 1984an informatika irauliko zuen produktu berria merkaturatu zuten, Steve Jobsen seme kutuna izan zen Macintosh ordenagailua. Urte hori mugarria izan zen enpresaren bilakaeran. Macintosh iragartzeko Ridley Scott zinema zuzendariarengana jo zuten eta Superbowleko atsedenaldian ikusi ahal izan zen George Orwellen 1984 liburuan oinarritutako iragarkia, publizitatearen historian erreferentea izan dena. 

Ez zen hau bere historiako mugarri bakarra izan. Applek jakin du merkatu eta garai berrietara egokitzen. Iphonearekin berriro ere merkatuari aurrea hartu zion. Duela hamar urte merkaturatu zuen. Orduan Blackberry etxeko telefonoak nagusi ziren eta Applek teklaturik gabeko lehen sakelakoa aurkeztu zuen. Bere lehiakideek ez zuten produktu berria serio hartu, baina gaur egun erreferentziazko sakelakoa bilakatu da. Azken batean, Iphonearen benetako lorpena ez da sakelako berria diseinatzea izan; baizik eta aisialdirako tresna bilakatzea, merkatu-aukera berriak irekiz. Izatez, nekez ulertu genezake gure egunerokotasuna Iphone bezalako telefonoak barik. Egun ez dugu musika entzuteko, argazkiak egiteko, agenda elektronikoa kontsultatzeko beste gailurik erabiltzen. Iphonearen zenbakiak ikustea baino ez dago. Bere lehen bertsiotik 1.000 milioi Iphone saldu dira eta minutuko 400 inguru saltzen ditu mundu guztian Californiako enpresak.

Ordenagailuak diseinatzen hasi bazen ere, dibertsifikazioaren alde egiten jakin duen enpresa da Apple, negozio alor berrien aldeko hautua eginez, besteak beste Iphonek bere salmenten %60 suposatzen duelako eta arrautza guztiak saski berean jartzeak arrisku handiak ekar ditzakeelako. Gaur egun Applek produktu ukigarriak ekoizteaz gain, zerbitzuetan murgilduta dago buru-belarri, ordainketak egiteko zerbitzuak esaterako. Diskogintzan ere sartuta dago Itunesekin, eta laster telesail-ekoizlea ere izango da, Netflix bezalako negozioaren ildoan.

Logikoa da gainerako negozio-ildoen aldeko apustua egitea, lehiakideak gero eta hurbilago ditu-eta. Bere zutabe nagusia Iphone da, hortaz, ezin du kale egin. Samsung enpresak aurrea hartu zion sakelakoen salmentan uda honetan, Huawei enpresa txinatarrak ere Apple baino telefono gehiago saldu ditu. Azken hau logikoa izan daiteke, Applek aspaldi azaldu zuelako uda ostean aurkeztuko zuela bere telefono berria, eta erosle askok euren erosketa atzeratu dute azken modeloa erosteko.

Negozioaren ikuspegitik bere bilakaera oso bizia izan da. Bi lagunek hasi eta hazitako negozioak egun 116.000 langile baino gehiago dauzka. Azken urte hauek bereziki oparoak izan dira, horren adibide burtsa merkatuetako kotizazioak dira. Azken bost urteotan bere akzioen balioa %75 handitu da eta egun bere kapitalizazioa 836.000 milioi dolarretakoa da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako BPGren halako hamar. Zalantza barik erraldoi bat bilakatu da Apple etxea, sistemikoa hainbat analisten aburuz, eta honek merkatuak ikaratu ditu. Adibide bat ematearren, bere balioa Espainiako IBEX indizea osatzen duten 35 enpresen balioen batuketa baino handiagoa da. 

Sagarraren argi-itzalak

Ezin da ukatu gauzak ondo atera zaizkiola Californiako enpresari, baina bere ibilbideak hainbat argi-itzal ere utzi dizkigu.

Botere borroka izan da horietako bat. Steve Jobs Applen aita eta gidari bezala ezagutu dugu. Bere heriotzak Apple etxean hutsunea utziko zuela zirudien, baina Tim Cookek gidaritzari irmo eutsi dio. Steve Jobsen eragina ezin da ukatu, baina bere harremanak Applekin pasarte korapilatsuak utzi zituen. Bere historian zehar Applek aldaketa asko izan ditu bere zuzendaritzan eta 1985ekoak inork espero ez zituen ondorioak ekarri zituen. Urte horretan John Scully zuzendari nagusiak Steve Jobs baztertu zuen eta honek Apple utzi eta NeXT Inc. enpresa sortu zuen.

Hamabi urte geroago Apple krisi egoera larrian zegoen. Galera milioidunak zituen eta bere merkatu-kuota hutsaren hurrengoa zen, %3 ingurukoa. Egoera horri aurre egiteko, Applek Steve Jobsen atea jo zuen, berak sortutako etxera itzultzeko eskatuz. Itzulera horrek hauspoa eman zion enpresari eta Imac ordenagailuaren merkaturatzeak bizitza berria eman zion.

Zuzendaritzaren barne-konspirazioa ez da itzal bakarra izan, haatik. Apple maisua izan da zerga-ingeniaritza diseinatzen ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko. Europan erabiltzen dituen zerga-trikimailuak hainbat estaturen haserrea piztu du, eta Europako Batzordeak iaz 13.000 milioi euroko isuna jarri zion. Applek Europako ia salmenta guztiak Irlandatik egiten ditu, bertako gobernuarekin zerga-tasa oso baxuak ordaintzeko sinatu zuen hitzarmenari esker. Horren adibidea da Espainia bezalako estatu batean duen fakturazioa. 2015 urtean Applek Espainian 332 milioi euro baino ez zituen fakturatu, 6,5 miloi euroko zergak ordainduz. Kopuru irreal hauen atzetik Applen zerga-makinaria dago. Applek soilik fakturatu zituen Espainian kaleko saltokietan egindako salmentak eta on-line saldutakoak zuzenean Irlandatik fakturatu zituen.

Dena dela, Applena ez da kasu bakarra. Google, Amazon edota Facebook konpainiek antzeko estrategiak erabiltzen dituzte, eta Europako gobernu gehienek hainbat neurri hartzeko eskatu dute. Aurreko astean Espainia, Frantzia, Alemania eta Italiako ekonomia ministroek Eurotaldeko presidenteari eskutitza igorri zioten erraldoi teknologikoek zerga gehiago ordaintzeko eskatuz.

Applek baditu argi-itzal gehiago, eta langileen lan-baldintzena argigarria da oso. Bere produktuak ekoizten dituzten langileen baldintzen inguruan hainbat salaketa jaso ditu.

Apple globalizazioaren ikasle aurreratua da. Kaliforniatik bere produktuak diseinatzen ditu, baina ekoizpena Asian egiten da, horretarako Foxconn enpresa kontratatuz. Enpresa honetan 1,3 milioi langilek egiten dute lan, eta 2010 urtean enpresa hau albiste iturri bilakatu zen bere langileen suizidio tasa altuengatik. Urte horretan 18 langile saiatu ziren bere buruaz beste egiten, eta 14 hil ziren.

Aurten The Guardian egunkariko kazetari batek, enpresan infiltratu, eta bere lan baldintzen inguruko erreportajea kaleratu zuen, etenik gabeko 12 orduko lanaldiak eta lan esplotazioa salatuz. 

Gure gizartearen ikonoa bilakatu zaigu Apple etxea, denok ezagutzen dugu logoa eta bere produktu berrien aurkezpenek puntako musika taldeen diskoen aurkezpenak baino interes handiagoa pizten dute. Jendea prest dago kalean ilara luzeak egiteko bere azken bitxiak erosten lehenak izateko eta Steve Jobs hil zenean jendeak kandelak piztu zituen Apple Centeren denda-lehioetan.

Koska egindako sagarrak, zalantza barik, badauka erakarpen handia, nekez azaldu daitekeen zerbait, baina akaso, sagarraren zapore goxo horren atzean zer dagoen galdetu beharko genioke gure buruari.

 

Argazkia: Andy (www.flickr.com/photos/atmtx)