Hermes, gugan bego

Lurrean datza plaka oroigarria, Posta kaleko 17 zenbakiaren aurrean. Lau-laua da xafla eta euria egiten duenean ez da komeni hura zapaltzea, irrist egiteko arrisku handia baitu. Nik horrelaxe jo nuen begiz, hankaz gora erortzear izan nintzen iluntze batean. Estropezua disimulatzeko ahaleginetan nenbilela irakurri nuenez, Eguna egunkaria izan zen euskara hutsean argitaratutako lehen kazeta, Gerra Zibilaren garaian, 1937ko urtarriletik ekainera.

Pareko atarian, Posta kaleko 18 zenbakian, ez dago plakarik. Duela ehun urte hantxe egin zuen bere buruaz beste Jesus de Sarriak. Ez dago inolako oroigarririk, ez zoruan ez paretan, Bilbok inoiz izan duen argitalpen handiena zuzendu zuen gizonaren etxean.

Zuzendariak bezalaxe, Hermes aldizkariak orain dela mende bat esan zigun agur. Bizitza laburra izan zuten bi-biek: Jesus de Sarriak 35 urte baino ez zituen bere burua hil zuenean; proiektuak, berriz, bost urteko ibilbidea osatu zuen guztira, eta denbora-tarte horretan 80tik gora ale plazaratu zituen. Aldi berean joan zitzaizkigun bata eta bestea, 1922an, sortzailearen heriotzarekin itzali zenez gero aldizkariaren sua.

Bere laburrean, hala ere, garrantzi handiko txinparta piztu zuen Hermes-ek. Bertan publikatu zuten garaiko euskal idazle handienek: Pio Baroja gipuzkoarrak, Ramiro de Maeztu arabarrak, Arturo Campion nafarrak eta Miguel de Unamuno bilbotarrak. Argitalpenak, esan gabe doa, ez zien autoreen ideologiari erreparatzen,berdin-berdin idatz zezakeen neurrian Pio antiklerikalak zein Ramiro katoliko sutsuak, Campion Jaimebon euskaltzaleak zein Unamuno Jugo abertzaleen arerioak, zeinarentzat linguistentzako bazka izatea zen euskararen patua. Nazionalista izanagatik, iritzi guztiak bere egin zituen Jesus de Sarriak.

Zerbait izan bazen, izan ere, XX. mende hasierako Bilbok zuen handinahiaren erakusgarria izan zen Hermes. Haren orrietan, egileek gehien jorratu zituzten gaiek zerikusi zuzena izaten zuten lurraldeko burgesiaren interesekin, gori-gorian zegoen industria-garapenarekin kasu, eta horrekin batera, ale bakoitzean gartsuki laudatu ohi zuten itzal handiko euskal herritar baten obra. Hitz goxoak jaso zituztenen artean izan ziren, besteak beste, Ignacio Zuloaga margolaria, Sabino Arana politikaria, Telesforo Aranzadi etnologoa eta Jesus Guridi musikaria.

Hermes, sorkuntza sumendia. Ikurra ere asmoaren tamainakoa aukeratu zuten, jainko baten silueta, eta ez nolanahikoa, gainera: greziar mitologian mezuen eramailea eta bidaiarien zaindaria izateaz gain, gerora merkataritzaren sinboloa ere bihurtu zen Hermes. Ikur ezin hobea zen, hortaz, mende hasierako burgesia bilbotarrak bizi zuen irakinaldirako.

Inor ez bedi haserretu esaten badut Uriola-n ez dugula Eguna egunkarikoen prestigiorik, ez eta Hermes aldizkarikoen lumarik ere. Hori hala da, baina ari gara zerbaitetan, ezta? Haien errautsak haizatzen, esaterako, eta aldarrikatzen merezi duela plaka bat gure hirian inoiz izan dugun argitalpen itzelenak. Besterik ez bada, irrist egiten duten horietakoa, jausteko zorian, burua zorura jiratu, eta han idatzitakoari buruz pentsatzera eramango zaituenetakoa. Eguna kazetaren antzeko oroigarria, Jesus de Sarria suizidatu zen etxean, Posta kaleko 18 zenbakian.

Ate-joka dugun 2022 urte honetan, gugan bego Hermes-en espiritua, plurala eta eklektikoa, betiere librea. Nork daki, antzeko suharrez ekinez gero, ehun urte barru norbaitek ez ote duen idatziko: Bilbon bazen gogora ekarri nahi dudan agerkari bat, Uriola zuen izena eta ikurra…

Hala izan zein ez, 2022an segi dezagun hauspotzen Uriola-ren sua!