Bi lekittar Arriagan

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2023ko eka. 7a, 15:12

Klasikoen Irakurraldi Jarraitua ekimenean Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat gainean dugun honetan, behin baino gehiagotan izan dut buruan Resurrección María de Azkue itsasadarrera erori zeneko pasadizoa. Batek daki zergatik, Meaberen obrako pasarte sexual gordinek ez baitute zerikusirik Azkue apaizaren munduarekin.

1951ko urriaren 15eko albisteek istripu baten berri eman zuten: bezperan, 87 urteko agure bat itsasadarrera erori zen Arriaga parean. Zorionez, langile batek gizona Ibaizabalgo uretatik onik ateratzea lortu zuen, eta segituan ospitaleratu zuten. Orduan jakin zuten istripuaren biktima Azkue jauna zela, Euskaltzaindiko burua.

Kronikek diote erorikoa izan zuenean Azkue etxera bidean zihoala. Nondik abiatu zen ez dute kontatzen, baina pentsatzekoa da Euskaltzaindiko eraikina izan zuela abiapuntu. Akademiak garaian Arriagaren atzeko aldean zuen egoitza, Erribera kaleko seigarrenean, eta Azkue egunero joaten omen zen bertara. Ez zen alferrik hango nagusia erakundearen sorreratik bertatik, 1919an.

Era berean, ez dakigu nola zihoan jantzita. Sotana beltzez irudika dezakegu, Azkue 1888tik zenez apaiz eta halaxe jantzita agertzen zaigunez argazki gehienetan. Igartzen zitzaion Gasteizko seminarioan teologia eta Salamancan zuzenbide kanonikoa ikasia zela. Gertakariaren informazioa osatzera, beraz, plantea dezakegu sotana beltza soinean eta Euskaltzainditik etxerako bidean erori zela Azkue itsasadarrera. 

Ondoren jazotakoa ondo dakigu. Euskaltzainburu gizajoari ospitalean ez zioten sabela garbitu, eta ur zikinetan jotako tragoen ondorioz infekzio bat sortu zitzaion. Enterisiak jota hil zen istriputik hiru astera, azaroaren 9an.

Heriotza hori izan dut buruan Kristalezko begi bat obraren irakurraldian. Ez dakit zergatik. Akaso bi autoreak lekittarrak direlako. Akaso bi gertaerek Arriaga antzokia dutelako eszenatoki. Akaso ez delako horrenbeste Meabe euskaltzain izendatu zutela. Edozelan ere, buruari bueltaka segitzen dut: nola demontre erori zen 87 urteko gizona itsasadarrera?