Txikitin-ko emaitzan, urduriago kantuan

Erabiltzailearen aurpegia Potojorran. Bilboko Bertso Eskola 2018ko mar. 25a, 20:28
III. Mauri-Apolo bertso sariketa eta Eneko Abasolo Txikitinen 3. saria, joan den barikuan. 2018an ere tinko agertu da gure Txikitin emaitzan, Txikitin-ko, ohi baino bertsokera urduriagoz izan bada ere. Haren atzetik sailkatu ziren buruz-burukoan kantatu zuen Jone Larrinaga mungiarra, Arrigorriagako Iker Garitaoanandia, batzuk buruz-burukoan ikusten zuten Maialen Akizu urretxuarra, Jabi Martinez "Guti" potojorrankidea eta Enare Muniategi deustuarra. Poto onenaren saria, ex-aequo, Txikitin eta Akizurentzat izan zen. Asmatzaile onenaren artxila-murtxila saria, berriz, Gutik irabazi zuen. Aurtengo saria Malen Amenabar artista larrabetzuarrak egin zuen eta bertaratukook jaso genuen saririk onena, bertan egon eta Mauri nahiz Apolo gogoan izatea.
Iñakiren taberna bertsozalez lepo, Mauri-Apolo sariketaren 3. aldia ospatu zen barikuan. Ezohiko bertsolari kopurua, sei, eta ez nolanahiko epaile kopurua, bortz, 40 bat entzuleren aurrean. Epaileen artean, Goreneko ordezkari bat, Iñaki Aurrekoetxea santutxuar gernikartua. Hala behar eta Txikitin nagusitu zen berriro ere, nahiz eta iurretarrak ez zuen bere onena eman. Bertsoen kirioek Guti ere harrapatu zuten eta Jone Larrinagak aste beltza pixkat gozatu ahal izan zuen barikuko bertsoez. Enare eta Garitak ere, Akizuk bezalaxe, askeago kantatu zuten. Gazteak badatozela argi gelditu zen Zazpikaleetako bertso sariketa seniorrean. Hurrengo urtean, putxera funding edo nola hala, gehiago eta, bai, ahal dela, bertsoz hobeto. Giroz, nekez hobetuko gara eta. Biba el bertso!