Gure iraultzarako apunte etiko-estetiko batzuk

Espazio-denbora inmanentean zein historikoan gauzatu beharreko materialismoaz ari naiz estetikaz jardutean: munduaren ikuskera, jendarteko eta norberaren balore etikoak, arrizkuz josia den jakintzaren eremu zabala, izakien askapena orain eta hemen benetan lortu ahal izateko zein diskurtso eraiki eta nola gorpuztu narrazio genealogiko hori gure baitan.

Estetikaren ideiak ez gaitu zergatik anestesiatu, Kantek nahiko zuen bezala, hau da, antzezlan estetikoari sensualitate oro harrapatu, hain zuzen, sensualki espresiboa den guzti guztia eszenatokitik desagerraraziz. Eta sensualki espresiboa deritzot niri isiltasunaren arnasa, eskuen amildegia, besteari zer esan ez jakitea, i-n-k-o-m-u-n-i-k-a-z-i-o-a, ahotsa kristalezko ontzi fin bat bezala artikulatzea, hautsiko balitz moduan airean finkatzea, bihotz taupaden estanda arritmikoa, indibidualtasunaren aldarrikapen lotsatia bezain sumindua, baita herria, taldea, laguna, familia, edo saldoa den edo ez denaren pertzepzio partziala eta aldakorra.

Estetikaz jardutea ez da forma soila, purua bilatzea, hutsik dagoen plazer estetikoan erortzea, plazer berari uko eginez, plazeraren eduki materialaz purifikatua izan den plazera ematea bueltan. Estetika ez da inondik inora indeterminazio sortzailea, edo sormen traszendentala, ez, estetikak materia eraldatu behar du, baita giza harremanak ere. Egia da gutariko bakoitzak kontraesanak dituela sakonki gorpuztua, orduan kontra-iraultza gure buruari egin beharko diogu lehenen, ezta? Egin dezagun ba!

Estetikak ez dauka zer ikusirik kapitalismoak eskeintzen digun aisialdiaren forma eta eduki hutsalekin. Estetika iraultzaile bat publizitatean erabiltzen diren formula erretorikotik urrundu beharko da zapaltzen gaituen estruktura gramatikala bera irauli behar badu. Iraultzaren irudia ez dadin izan, faborez, saltzaile obsesibo baten demagogia, ikuskizun egoikoa eta espektakularra, norberak duen boterearen erabilera itsusia (itsusia delako ahultzen gaituen guztia). Iraultza ez da irabazi beharreko leiha bat, eta guztiok ez dugu jokatzen liga berean. Iraultza ez dadila izan, arren, ezgaitasun bat edo beste dutenen sublimazio tentela lider-saltzailearen satisfakzio neurotikoaren itzalean.

Eta kezkagarria deritzot benetan aisialdi kapitalistaren forma zein edukia trasladatzea gure iraultzarako estetika zein politikaren elementu formalak eta ideologikoak zeintzuk izan behar duten erabakitzen ari garen gune publiko horietara. Lotsagarria eta desirari begira antiproduktiboa, are gehiago, kapitalaren Errealitate Bera erreproduzitu baino ez dugu egiten lidertxo harroputz bakar baten ahots puru eta puztuegiak taldearen arritmia desiragarri anitz eta erabat produktiboa neutralizatzen lortzen baldin badu. Gureak egin du! Beraz, egin dezagun iraultza estetiko marxista eta suspenditu dezagun neurosiaren espektakulo zatarra.