Itsaso desberdinen askatasun mareak ozeano aske batean elkartzea

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Unzalu Etxabe 2014ko urr. 3a, 10:58
Argazkiak: josuorbe.net

Udan, nik behintzat, gainerako hilabetetan erlojuarekin daramadan harreman estuari buelta eman nahi izaten diot. Izan ere, ikasleek bezalaxe, eta, irakasle naizen heinean, nire baitan uda aisialdi askearekin elkartzen baitut. Horrela, naturak, oro har, urte osoan gustuko nukeen denbora hartzen du nigan.

Mendiak, urte osoan badu bere txokotxoa, baina, itsasoa da , batez ere, udan nigan gailentzen dena: itsasoa bere handitasunean, kolore eta aldarte desberdinetan, aldakor, lasai, kementsu, ilun, argi, haserre, baketsu, sakon, misteriotsu, bizi, apal, harro, olatuz gainezka, bare…...baina, beti, eder bezain aske; liluratu, indartu eta, aldi berean, lasaitzen nau. Hari begira ez naiz sekula aspertzen. Itsasoa maite dut.

Itsasoaren amaigabetasunak askatasun arnasa dario niretzat. Mediterraneo itsasotik, esaterako, Kataluniatik askatasun egarri aldarriak datoz. Gurean, Kantauri itsasoan, pasadan ekainean urak astintzen hasi ziren. Itsasoak itsaso, hauxe nire ametsa: mundu osoan, itsaso desberdinen askatasun mareak, ozeano aske batean elkartzea, herri eta pertsona guztientzat.