Udazkeneko arratsalde sargori batean

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Unzalu Etxabe 2014ko aza. 4a, 09:38

Pasadan asteko arratsalde sargori batean, eta hiritik ihesalditxo bat egiteko nahian, Artxandapeko magalera abiatu nintzen paseatzeko asmotan. Loruritik gora, sarri hartzen nuen bidezidorrean sartu nahi eta ezin. Sarrera itxita baitzegoen.

Dena hankaz gora zegoen, eta makinak barruan; antza, kotxeentzat aparkalekua egiten ari dira. Benetan diotsuet nahigabea hartu nuela. Egoera eta lekuak nonahi izan daitezke, Euskal Herrian eta munduan barna, baina testuingurua antzekoa da; giza-jarduera dela eta, natura galtzailea. Izan ere,  garapen eta ekonomiaren izenean,  gure zibilizazio teknologikoak inolako gupidarik gabe zirt-zart dihardu: oihanak suntsitu, arbolak moztu, akuiferoak lehortu eta kutsatu (fracking-a), urak, airea eta lurrak kutsatu (nuklearrak, petroleo isurketak..), ibaiak lehortu edota desbideratu (Deustuko kanala), transgenikoak, agrokimikoak eta pestizidak erabili (nekazaritzan eta abeltzaintza intentsiboa), azpiegitura erraldoiak egin (urtegiak, errepideak, AHT…). Zerrenda are luzeago izan daiteke. Zoritxarrez, hainbat lekutan gure espeziea ez diren beste izaki bizidunei eta gure espezie berari ere, gure zibilizazio eta eredu ekonomiko neoliberal honek bizitzeko aukera gutxi uzten die.

Gure naturarekiko harremana armoniatsua beharko lukeena, erabat erasokorra, ustiatzailea eta menderatzailea da, kontrola eta boterean errotuta. Geu nagusi; natura bere osotasunean mendekoa eta geure mesedetara, inolako gupida eta enpatiarik gabe. Hori gutxi balitz, sarritan naturan bertan bizi direnak etsaitzat hartzen ditugu (bai indigena, bai animalia basatiak…).

Eta giza-populazioan, nolakoa da geure arteko harremana? Nire uste apalean  eskema berberak darrai, hau da, enpatiarik gabeko elkarustiatzea. Bestela, zelan ulertu 7.000 milioi biztanle baino gehiagoko mundu honetan gutxiengoak  baliabideen gehiengoaz baliatzea, eta, aldiz, gehiengoa pobrezia eta bazterketara derrigortzea.

Etekin ekonomiko soilaren izenean, den-denok giza-eskubidez merezi dugun etorkizun askea pikutara bidali, eta amaigabekozikoizkeriadario nagusi den eredu ekonomiko honi. Hain zuzen ere, eredu honek dena bilakatu eta bihurtu du espekulagarria den merkantzia: lurra, ura, baliabide natural guztiak, gainontzeko izaki bizidunak, eta, noski, gu, geu, ere.

Mozkin gordin eta ekonomia-ekoizpenaren diktadura globalizatu honetan, irtenbideak tokian-tokikoak izanik,ikuspegiek globalak eta integralak beharko lukete izan; arazo larri askok, zeharka bada ere, denengan eragina dutelako, hala nola, kutsadurak, aldaketa klimatikoak, osasunak, emigrazioak, elikadurak, militarizazioak, gatazka armatuek, bioaniztasunaren murrizketak, feminizidioak, basamortutzeak, genozidioek, patriarkalismoak, baso-soiltzeak… Azken finean, denok bizi gara mundu bakar eta berean; guztion munduan.

Beraz, gauzak honela, geure munduak denontzat etorkizunik ez badu, eredu eta ikuspegi  ekonomikoz aldatzeko garaia heldu zaigu. Munduko biztanle eta izaki bizidun guztiek baitugu  eskubidea etorkizuna irribarrez eta esperantzaz begiratzeko. Poliki-poliki, aldaketaren zantzuak, isilik, oharkabe, baina badatoz.