Haziak erein eta ernamuindu

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Unzalu Etxabe 2014ko abe. 4a, 10:35

Oro har, Mediterraneo itsasotik hegoaldera dagoen lur eremu handia, hau da, Afrika, gugandik kilometrotara dagoena baino askoz ere urrunago sentitzen du Europak: akaso, harrokeria gainbegirada batekin ere.

Nolanahi ere, guregana baitatoz milaka eta milaka afrikar europar lilurakeriaren atzetik. Izan ere, azken mendeetan Europa izan baita nagusiki munduari ustezko zibilizazioaren ekarpena eta garapena eman dion kontinentea. Hortaz, europarrok, sarri, jakintza eta ezagutzaren monopolioa eta ziurtasuna gure psikean daramagu inkonszienteki edonora, gu ez bezala, beste paradigma eta pentsamolde desberdinetan hasi, hezi eta bizitako jendeekin.

Gure bunker psikologikoak Europak bere buruaz defendatzeko eraikitako harresi-bunkerren antzekoak ote? Bestalde, gure buruko bunkerrak, mendebaldea ez diren beste lurraldetara bidaiatzerakoan (oporretan, kooperazioan, negoziotan, lanean zein kirol-bidaietan), oztopo besterik ez zaizkigu bilakatzen bertako jendearekin harremanetan aritzeko eta bertoko bizimoduan murgiltzeko; adibidez, Afrika beltzan. Bertan, errealitatea ulertzeko eta bizitzeko gugandik horren desberdinak diren moduei txokoa uzterakoan, gure ziurtasun tinkoak balantzaka eta kolokan sentitzerakoan, barne- eta kanpo-abenturan abiatu edota gure bunkerrara bueltatzeko irrika sartzen zaigu.

Nolanahi ere, horren handia, kulturan eta baliabide naturaletan horren aberatsa, desberdina, eleanitza, sortzailea, musikaria, dantzaria eta artezalea den kontinentea zerbait bada, dinamikoa eta bizia da; egoera larriak, zapalkuntza, gaixotasunak, ustiratzeak, gudak, kanpoko interes ekonomiko aseezinak,  neokolonialismoa….hori guztia bai, baina horrez gain, bizitzeko gogoa, sormena,  alaitasuna, kemena eta grina nonahi dago. Zer esanik ez irribarreak.

Horren adibidea Burkina Fason gertatutako matxinada. Urre eta nekazari-tzan aberatsa den herrialde honetan, teknologia berriek lagunduta, afrikar gazteek eta ez horren gazteek, ahal izan duten neurrian, edonora zabaldu dute estatu kolpe baten bortxaz eraildako Thomas Sankara (1983-87) presidente ohiaren mezua. Bertoko eta nazioarteko botere politiko-ekonomikoak ahalegin guztiak eginda ere, Thomas Sankararen mezua bizirik baitago afrikar askoren bihotzetan, ez soilik Burkinan.

Sankararen ideiak arriskutsuegiak ziren ipar-hegoalde harreman ekonomiko ustiratzaileentzat: afrikarren duintasuna, elikadura eta subirotasun ekonomikoa, kanpo-zorra ez ordaintzea, hezkuntza eta osasuna denentzat, ablazioa eta ezkontza-derrigortuen debekatzea, emakumeen eskubideak, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna baitziren bere ideia giltzarriak. Horrexegatik deitzen baitzioten Afrikako Che Guevara, eta, noski, horrexegatik erail zuten orain arte boterean egondako Blais Campaorek antolatutako estatu kolpean, Frantziaren konplizitateaz: Sankara berak, 1987an, Addis Abebako Afrika osoko kongresuan bere heriotza iragarri zuen bezalaxe; kongresua eta lau hilabetera eraila, bere askatasun ideiei neokolonialisteen eta euren morroien ordaina.

Neokolonialismoaren interes erraldoiek hor diraute, afrikarren aberastasuna zurrupatzen, baina, zorionez, Sankararen askatasun-haziak hainbat afrikarren bihotzetan erein ostean, ernetzen hasiak dira: baita belaunaldi gazteetan ere; Afrika osoan erne bitez.