Animalien eskubideak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Unzalu Etxabe 2015ko mai. 11a, 12:14

Ulergaitza egin zait betidanik pertsona batek beste bat torturatzea; bestearen oinazeari muzin egin, eta hortan jarraitzea, sarritan gustura gainera. Botere desoreka handiko egoera krudel horretan, boterea torturatzailearen alde, argi eta garbi. Teorian giza herrialde gehienen legeek tortura debekatu arren, jakin badakigu mundu mailan hedatutako jarduera ankerra dela; bortitza eta krudela. Indarraren bitartez torturatua den pertsona suntsitzearen helburu makurra.

Beste espezie batzuk ordea, ez dute ahotsik, ezta euren  alde, hau da, tratu txarren eta torturen aurrean defendatuko duen legerik. Zertaz ari naizen? Zenbat animaliak jasaten du tratu txarrik eta torturarik mundu osoko laborategietan zientziaren izenean? Kasualitatez, nire eskuetara iritsi zait youtuben Nâo matarás bideo brasildarra. Bertan animaliekin egindako bibisekzio, kosmetika-industriaren esperimentazioak eta zientziaren izenean egiten diren basakeri gupidagabeak agertzen dira. Hori dela eta, hainbat zientzilari brasildar, estatubatuar eta zientzien filosofariek behin betikoz  jarduera krudel horiek bertan behera uztea eskatzen dute. Bada garaia, behingoz, zientziak beste espeziengan biolentzia, bortizkeria  eta indarkeria erabili gabe aurrera egin dezan. Honako liburua gai honetaz ezin hobea: Jane Goodall primatologoaren Hamar aginduak.

Beste hainbat bideo ere badaude youtuben, besteak beste, abeletxe intentsibotan ezkutuan grabatutakoak. Horietan erakusten digute gizartearentzan elikagai izango diren animaliak zein nolako trataera bortitza eta ankerra jasaten duten ohiko egunerokotasunean. Neoliberalismoaren ondorio kolateralak animaliengan. Ekoizpen eta etekin ekonomiko masiboen garaietan, animaliak objektu gisa tratatzea, inolako duintasunik gabe. Charles Pattersonek dioenez, abeletxe intentsiboek nazien garaiko konzentrazio zelaien sistematizazio eta krudelkeria berbera dute.

Ildo berean, zoologikoak eta akuarioumak ere, ez al dira animalientzat guk prestatutako espetxe erraldoiak? Zezenketa bera ere, animalienganako krudeltasunaren sozializazioa ez al da, artea eta kulturaren izenean? Japoniarrek zenbat bale erail behar dute Antartidan inpunitate osoz? Edota, oraindik ez al da otsoa Txanogorritxu ipuinaren izaki horren gaiztoa, gure partetik horrenbeste eraso eta makurkeria jasateko?

Zorionez, animaliak maite dituzten zientzilariak eta pertsonak egon dira, eta badaude. Horien artean, Diane Fossey gorilak babesteagatik eraildakoa Ruandan 1985ean, Birute Galdikas eta Karmele Llanos bilbotarra Indonesiako orangutanekin lanean, Marc Bekoff AEBetan, Felix Rodriguez de la Fuente Espainian, Ainare Idoiaga Kamerunen…

Gizarteak hainbat gatazka ditu konpontzeke; irtenbide baten zain. Niretzat, hauxe beste bat da: zein nolako harremana nahi dugun gainontzeko espeziekin; armoniotsua edota menperatzailea, androzentrikoa, bortitza eta indarrean oinarritua, patriarkalismo zaharkitua bezalaxe. Hortxe erronka. Animalien eskubideak ere, goizago edota beranduago legedietan egon beharko.