Etorkizunerako bake bidean

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arregi 2017ko aza. 2a, 08:00
'Memoria eguna', 2016

2011ko urriaren 20an, Aieteko Konferentzia egin ondoren, jarduera armatua behin betiko bertan behera utzi zuela iragarri zuen ETAk. Aurtengo apirilean armagabetzeari ekin zion. Horretarako, bere zuloen geolokalizazioa eman zien Frantziako agintariei. Aurrera egiten jarraitzen dugu, sinetsita gure gizarteak etorkizun baketsua merezi duela. Oraindik ere badaukagu zailtasun bat edo beste, erabateko bizikidetza normalizatua ekiditen digun itxi beharreko gaiak. 

ETA bukatu da, ETA iragana da, baina desegiteke dago; eta, egia esate aldera, ez dakigu zergatik jarraitzen duen desegin gabe. Gizarte honek larregi itxaron behar izan du, min larregi pairatu du. ETAk bere historia amaitu beharko luke behin betiko, eta ahalik eta azkarren. Pauso hori funtsezkoa iruditzen zaigu, indarkeriaren amaiera antolatu baterako. Bakearen alde lanean jarraitzen dugu; gizarte bateratua nahi dugu, integratzailea, desberdinen arteko errespetua duena. Horretarako, hori ekiditen duten trabak gainditzea da gure zeregina; zeregin etikoa eta morala. Gure iragana kritikoki berrikusi behar dugu, hasi espetxe-politikatik eta biktima guzti-guztien (bereizketarik gabe) erreparaziora arte. 

Aurtengo martxoan Memoria eta Bizikidetza Ponentzia sortu genuen Eusko Legebiltzarreko talde guztiok, PPk izan ezik. Bakearekin eta giza eskubideekin dugun konpromisoa berretsi genuen erabaki horren bidez. Hilabete hauetan, lan-eremuak diseinatu ditugu (biktimak, memoria, espetxe-politika, eta bizikidetza eta giza eskubideak), eta horietako lehenari ekin diogu: biktimak. Beren testigantzak entzungo ditugu: indarkeri mota orotako (ETA, GAL, indar polizialak…) 12 biktimen errelatoak. Horietako batzuk dagoeneko pasa dira Legebiltzarretik. Gizartea klase politikoaren aurretik doa. Hori da biktimek utzi diguten sentsazioa. Aitortzen dut. Askotan ez gara bizikidetzarako eredu izan. 

ETAk Jesus Maria Pedrosa Durangoko PPren zinegotzia hil zuen. Bere alargunak, Mari Carmen Hernandezek, akordioak eskatu zizkigun alderdi politiko guztiei, ahalbidetzeko biktima guztiak berdin aitortzea. Izan ere, guztiek baitute zerbait komunean: sufrimendu bera pairatu dute. Berak esan zigun mundu guztiak ez duela arrazoia, eta amore ematen ere jakin beharra dagoela. Hori da hori eskuzabaltasun eredua! Min injustuak kolpatutako iragana izan arren, gai da etorkizunera gorrotorik gabe begiratzeko, eta bizikidetzaren lan neketsu eta beharrezkoaren alde berea emateko. 

Izan ere, begirada etorkizunean jarri bai, baina ez baitugu iragana ahaztu edo desitxuratu behar, minak eta sufrimenduak kolpatutako iragana da. Iragan hori gogoan izan behar dugu, jokaera injustuak, zorigaitzezkoak eta deitoragarriak berriro eman ez daitezen. Hala egin ezean, ez da oinarri sendorik izango bizikidetza eraikitzeko. Zauriak itxi gabe daude, eta denbora beharko dugu sendatzeko. Baina helburu horrek guztiok egiten dihardugun ahalegina merezi du: erakundeena, alderdiena eta gizarte osoarena. Jakin badakigu guztion ikuspegiak ez datozela beti bat, gertatutakoen inguruko ikuspegi desberdinak dauzkagula, baina elkarrekin eraikitzen ari gara. 

Orain, Memoria eta Bizikidetza Ponentziatik, biktimengana gerturatzen ari gara, edozein izanik jasandako min injustu eta izugarriaren kausa. Biktimak entzun, beren aurpegiak ikusi, begiradak gurutzatu, sentimenduak partekatu… horrek guztiak gure diskurtsoa humanizatzen du, eta gogora dakarkigu beraiekin zorretan egoteaz gain, zauriak itxi egin behar ditugula, bizikidetza sendoa eraikiko badugu eta horren oinarria persona guztien giza eskubideekiko errespetua izango bada.