Zaintzak plazara!

Aurten, martxoaren 8an, Euskal Herriko emakumeok* masan hartuko ditugu kaleak, Greba feministaren deialdiari erantzunez: Heteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunean! Izan ere, hamaika arrazoi baititugu egun horretan eta urte osoan kaleak hartzeko. 

Steilas sindikatuak bat egin du greba-deialdiarekin eta, gainera, aurreko urtetan egin moduan, aurten ere unitate didaktiko bat prestatu dugu, Zaintzak plazara, irakasleei laguntze aldera, errazago landu dezatenbizitzaren jasangarritasunaren gaia. Gure ikasleak konturatu behar dira pertsonak zaurgarriak garela eta elkarrekiko dependenteak garela, eta, gure bizitzan, zaintzak emateko eta jasotzeko beharra daukagula, bizirik jarraitu nahi badugu eta bizitzea merezi duen bizitza bat nahi badugu. 

Agerian jarri nahi ditugu bizitzari eusteko ezinbestekoak diren lan horiek, normalean ez baitira halakotzat hartzen. Lan horiek, gainera, emakumeen bizkar geratzen dira, eta, gure familiakoak badira, dohainik eta maitasunaren truke egiten dituzte halako lanak. Beste emakume batzuek, etxeko langileek, soldata eskas baten truke egiten dituzte halako lanak, eta ez daukate lan-eskubide duinik. 

Lanaren banaketa sexualaren ondorioz, eta kontuan harturik estatuek, enpresek, instituzioek eta gizonek ez dutela ezer egiten, gero eta familia gehiagok erosten dituzte zaintza-lanak, eta hala eratzen dituzte zaintza-kate globalak. Nortzuk osatzen dute kate hori? Bada, batetik, herrialde aberatsetako emakumeek, zeintzuk ez baitute nahi edo ezin baitute beren ingurukoen zaintzaren ardura hartu, eta lan-merkatura sartzen baitira, eta, bestetik, herrialde txirotuetako emakumeek, zeintzuk beren gain hartzen baitute lan-merkatuan ari diren emakumeen ingurukoen zaintza, soldata baten truke, eta, aldi berean, beren herrialdeetako emakume are pobreagoen esku uzten baitute beren familien zaintza. 

Gure iritziz, hezkuntza-zentroak aparteko lekuak dira halako gaien inguruan pentsatzeko: zer dira zaintza-lanak? Zeinek egiten ditu? Non daude? Zer desorekak zeharkatzen dute horien banaketa? Gure testu-liburuetan jorratzen ez den gai bat txertatu nahi dugu irakasleen jardunean eta hezkuntza-planetan, izan ere, zaintzen kontua estereotipo gisa baino ez baita agertzen, hots, emakumea da zaintza lanen “teknikaria” eta hark egiten ditu etxeko lan funtsezkoak, hala nola erratza pasatu, harrikoa egin, erosketak egin, haurrak bainatu… Gizonek, ordea, lagundu egiten diote, edo lan osagarriak egiten dituzte, adibidez platerrak lehortu, mahaia ipini, landareak ureztatu…. Banaketa hori barruraino daukagu sartuta, horren adibide dira honako esaldi hauek: zer egingo dizut?; etxean laguntzen dit; ez duzu kexatzeko motiborik, etxean laguntzen dizu-eta…

Bestalde, zaintzak kolektiboa izan behar du, eta horri buruzko kontzientzia ere piztu nahi dugu, eta orobat sortu nahi dugu erantzunkidetasunaren aldeko kontzientzia, hartara, gizarte berdinzale eta bidezkoago bat eraikitzeko. Gainera, zerbitzu publiko unibertsal eta doakoak eskatu nahi ditugu, kalitatezko zaintza bermatzeko, eta lan horiek profesionalek egin ditzatela, lan-baldintza eta soldata duinarekin, hala, emakumeok ez dezagun zaintza lan inposaturik egin.