Koronabirusa Bilbon

COVID19aren ebidentziak eta ondorioak

Osasun-krisi honek utzi digun lehen ebidentzia da sistema kapitalista, heteropatriarkal, ekozida, arrazista eta kapazitista honek ez diela balio gehiengo sozialari, langile klaseari, emakume gehienei eta bazterretan bizi direnei.

Horren kontingentziek desberdintasunak areagotu besterik ez dutela egingo. Hori jada agerian geratu da isolamendua bezalako neurriekin; neurri horiek, ziurrenik, hartu behar izan dira, baina berriro ere sektore ahulenak zigortuko dituzte.

Egia da azken egun hauetan asko esan eta idatzi dela horri buruz, baina nik hezkuntzaren arloan eta, batez ere, sare publikoan izandako ondorioak azpimarratu nahi ditut, orain, osasun publikoaren garrantzia hainbeste txalotzen eta aitortzen den honetan, ez baita gauza bera egiten hezkuntzan, eta, horrela, ikusten dugu Hezkuntza Sailak hartutako neurriek agerian utzi dutela, beste behin ere, arrazoi sozioekonomikoen ondoriozko  ikasleen segregazioa.

Ikastetxeak eta haien zerbitzu guztiak (jangela, eskolaz kanpokoak,...) ixteak egoera ahulenean dauden ikasleak abandonatzea dakar. Bai, interneterako sarbiderik ez duen hori, etxean ordenagailurik ez duena, lan egin ahal izateko, jolasteko eta, batzuetan, baldintza egokietan garbitzeko lekurik ez duena. Eskolak egunero leku seguru, bero eta gutxienez janari egoki bat bermatzen dien ikasle horiek desagertu egin dira, egun batetik bestera, lurraren azaletik. Eta kezkarik handiena da ikasturte bat galdu ahal izatea, curriculuma ez osatzea, egunero 4 edo 5 ordu lan egitea  berdin dio nola,... logika kapitalistari gehiago erantzuten dion zerbait, pedagogikoa eta humanoari baino.

Haur-eskolen kasuan, berriz ere ikusiko dugu norekin arduratuko den zainketen kudeaketaz; jakina, emakumeak izango gara berriro etxean geratuko garenak haiek lanera joaten jarraituko duten bitartean, segurtasun-neurri bermaturik gabe, zeren, Eusko Jaurlaritzak argi utzi duen bezala, ezin baita lan-jarduera guztia eten: produkzioa/ kapitalismoa  helburu!

Ez da eten teknologikoaz hitz egiten, eta horrela uste dugu dena primeran dabilela, ETBri baitagokio irudiak ateratzea eta baliabide teknologikoak ez dituzten ikastetxe publikoak atera beharrean, itunpeko ikastetxe pribatuetako zuzendaritzako langileak elkarriketatu eta atera dituzte. Arabako udalerri batzuetan ikastetxeak lehen aldiz ixtea erabaki zenetik, ez da ikastetxe publiko bakar bat ere atera, auzolotsa!

Hezkuntza Sailari eta Jaurlaritzari komeni zaiena da “haien irudia zikintzen duena” alfonbraren azpian ezkutatzea eta, horrela, sare publikoetako ikasle batzuek pairatzen duten desberdintasun- eta segregazio-egoera ez aitortzea.

Aurrez aurreko eskolari balioa eman behar zaio, eta hori ezin da teknologia berriekin ordezkatu, eta batez ere premia handieneko ikasleen kasuan. Hezkuntza publikoaren balio handienetako bat da inklusiboa dela, eta gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna bermatzen duen bakarra.

Horri guztiari eskolako jantoki-zerbitzua eteteak eragindako egoera gehitu behar zaio. Izan ere, egoera horrek zailtasunak sortzen dizkie familia behartsuenei elikadura nahikoa eta kalitatezkoa bermatu ahal izateko. Eskola-jantokiak hori bermatzen die ikasle horiei, gutxienez, egunean otordu bat emanez.

Eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak proposatu duen irtenbidea da familiei ez zaizkiela kuotak kobratuko. Berriro ere erakutsi du ez dakitela han dauden ikastetxe publikoen eta familien kudeaketaren errealitatea zein den; izan ere, familia horiek ez dute hileroko kuotarik ordaintzen, bekak zuzenean ikastetxearen kontura sartzen direlako eta familiek ez dituztelako zuzenean jasotzen.

Aldiz, hori ez da gertatzen Sare pribatu-itunduetan, familiek jasotzen baitute beka, eta, gero, diru horrekin kuota ordaintzen dute. Sarrera-bereizketa hori zitala eta klasista iruditzen zaigu, eta badirudi ez dela fio sare publikoko familiekin, behin bekak jasota, beren seme-alaben janaria ez den beste zeregin batzuetara bideratzen dituztenekin.

Dirudienez, sailak erabaki du familiei jantokiari dagokion bekaren zatia sartzea. Lan hori  ez dakigu nola kudeatuko den bekadunen kontu zenbakirik ez baitute ikastetxeek. Berriz ere, zaurgarrienen kalterako hezkuntza delegaritzaren ezjakintasunak dakarren ondorioa,beste egun bat elikadura duinarik bermatu gabe.

Beraz, ezinbestekoa da salbuespenezko egoera baten aurrean salbuespenezko neurriak hartzea ezinbestekoa da, berriro ere familia behartsuetako edota gizarte-bazterketako arriskuan dauden  ikasleak izan ez daitezen beste behin ere zigortuenak.

Osasun-krisi honek hezkuntza-sistemako langileentzako lan-eskubideen galeraren inguruan izango dituen ondorio latzak, hurrengo artikuluan jaso beharko ditut.