Athleticek Madrilera bidaiatu beharko du asteburu honetan, larunbatean 11:45etan Atletico Madril izango baitu aurkari Cerro del Espinon ("Gol Television"-en ere ikusgai). Bartzelonarekin lidergoa partekatzen du talde bizkaitarrak, 27 punturekin, eta kataluniarrak baino partida bat gehiago jokaturik. Horrenbestez, Xavi Llorensek gidatutako taldearen erritmoan jarraitzeko garaipena lortu beharko dute zuri-gorriek –edo igandean Realak eman dezakeen ezustekoaren zain egon-.

Bakoitzaren mende egotea baino gauza hoberik ez dagoenez, larunbatean hiru puntuak Bizkaia aldera ekartzearekin pentsatzen dute zuri-gorriek. Bestela, kataluniarrek hiru puntura areagotuko lukete aldea eta gainera, bi neurketa gutxiago jokatuta (Bartzelonak igandean Zubietan jokatuko du Realaren aurka). Joan zen asteburuko norgehiagoka lez, Atletico Madrilen aurkakoak ere geroa baldintzatuko du. Irabazteak bolada onari segida emango dio, berdinketak edo porrotak Bartzelonaren aurkako lehia konfiantza gutxiagorekin aurre egitea ekarriko luke. Eta hura, larunbat honetakoa bezalakoxe garrantzitsua da.

Zuri-gorriek Valentzia menderatzearen ondorioz, badirudi orain Liga irabaztearen borroka bi lehiakideetara murriztu dela. Hala eta guztiz, valentziarrak eta madrildarrak gertutik jarraitzen dute, goikoen hutsak aprobetxatzeko prest. Atletico Madril, esaterako, 24 punturekin dago laugarren postuan eta koltxoneroek badakite larunbateko puntuek nolako garrantzia daukaten. Koltxoneroek irabaziz gero garaikurra lortzeko borrokan murgilduko lirateke, eta hala, talde euskaldunak atzera pausua emango luke. Baina, atzera pausu galantagoa suposatuko luke porrotak etxekoentzat.

Hil ala biziko lehia izateko osagairik ez zaio falta. Miguel Angel Sopuertaren gidaritzapean dagoen taldeak porrot bakarra jasan du, Bartzelonaren aurka, hain zuzen ere. Berdinketak Athleticek bezainbeste ditu eta zazpi garaipen eskuratu dizkitu. Ez dira batere estadistika kaxkarrak. Gainera, Valentziaren zelaian meritu handiko puntuarekin egin zen, Santa Teresan eskuratutako berdinketa ez bezala. Bigarren jardunalditik bosgarrenera arte garaipenak erreskan lortu zituzten; gero, ordea, irregulartasunarekin topatu ziren, puntuak bidean utziz. Joan zen asteburuan Sant Gabrielen aurka ez zuten errukirik izan madrildarrek, kataluniarrak 3-1 mendean hartuz, berriro ere jaitsiera postuetara itzuli zelarik.

joan zen asteko Erikaren golak valentziarren denboraldiko lehen porrota suposatu bazuen, aldi berean, Athletic da, sasoi honetan, irauli ez duten ekipo bakarra. Datu horrez gain, madrildarren aurka jokatutako neurketa guztiak begiz jota, estadistiken balantzan Athletic da garaile. Hamasei aldiz ikusi dira elkar eta bizkaitarrak hamar garaipen batu dituzte, bi aldiz puntu bana batuz eta gainontzeko lau lehietan espainiarrak gailendu ziren. Hain zenbaki onek, ordea, bilakaera nabarmena sumatzen dute Majadahondan jokatutakoak begiratzen baditugu: hiru porrot, hiru garaipen eta bi berdinketa. Bistan denez, bien arteko aldearen murrizketa ikus dezakegu. Gainera, hasierako urteetan bizkaitarren nagusitasuna agerian geratzen bazen, azken urte hauetan madrildarrak neurria hartu diote Juan Luis Fuentesen taldeari. Izan ere, donostiarrak entrenatzaile kargua hartu zuenetik (2011-2012 denboraldian) bi partidu besterik ez ditu irabazi, eta beste horrenbeste porrot eta berdinketa. Gainera, bere bigarren sasoian Atletico Madrilek kanporatu zuen Athletic Erreginaren Kopako final laurdenetan.

Ez da neurketa deus samurra izango ez bata, ez bestearentzat. Puntuak garesti egongo dira Cerro del Espino zelaian Gol Televisionen kameren testigu pean. Tourmaletaren igoeraren erdian aurkitzen da Athletic, non aurkari zuzenen arteak seginda lehiatzen ari den. Denboraldiko tarterik gogorrena izaten ari da, eta beste behin nagusitasuna erakusteko berebiziko beharra dauka. Hurrengo astean Bartzelonaren zelaia bisitatuko dutela alde batera utziz, larunbatean 11:45etan Atletico Madrilen aurka jokoan egongo diren puntu guztiak batu beharko dituzte bizkaitarrek. 

 

Argazkia: www.athletic-club.net