Gozoa eta gazia tartekaturik Lezaman (2-0)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mai. 3a, 17:28

Athleticek garaipen gozoarekin itxi du Liga txapelketa, Erreginaren Koparako prestakuntza moduan harturiko neurketan. Vanesa Gimbert (penaltiz) eta Nekane Diezen gol bana nahikoa izan dira Sant Gabriel menderatu, eta era berean, bigarren mailara bidaltzeko. Kataluniarrentzat partida amaitezina izan da, porrotarekin beste emaitzen menpekotasuna handia baitzen. Eta esperoan zeuden emaitza ez da beraien aldekoa izan, Transportes Alcainek hiru puntu eskuratu baititu Mallorkan. Garaipen gozoa Athleticentzat, porrot gazia bezain mingarria Sant Gabrielentzat.

Ez zen edonolako neurketa bizkaitarren eta kataluniarren lehia hura. Lezamak hartzen zuen azkena izateaz gain, aurkariaren egoerak berezitasun puntu bat ematen zion. Jaitsiera saihesteko borroka sakonean sarturik zegoen Sant Gabriel. Neurketa galduta ere, salbatzeko aukerak zituzten (Collerense eta Transportes Alcainen arteko berdinketa, esaterako). Dena den, hobe Lezaman garaipena eskuratzea, erronka zaila zirudien arren. Tentsio puntuarekin baina ausart zelairatu ziren Sant Adrià de Besòsekoak. Kalitatea bazutela erakutsiz. Fuentesek, ordea, Erika bakarrik gorde zuen Koparako; hamaikakoan finkoak diren guztiak hasieratik jokatu zutelarik. Beraz, kataluniarrentzat are gogorragoa izan zen bataila.

Saiatu zen Sant Gabriel. Jokaldi kolektibo guztietan detaile tekniko politak utziz. Baina futbolean hori ez da nahikoa; eta azken metroetan asmatu ezean, gola konplikatu bihurtzen da. Hala ere, baloiaren jabetza ederki borrokatu zuten hasierako minutuetan; epaileak jokoa nahiko erraz gelditzen bazuen ere. Falta txikiak segituan adierazten zituen –bai talde bateri zein besteari-, eta horren eraginez area barruan kontaktu txikia sumatu orduko, penalti puntua seinalatu zuen. Denon harridurarako. Ordurako, zelaiko jokalariek ez bazekiten ere, harmailetan zeuden kataluniarrak jakinaren gainean zeuden zaragozarrak irabazten zihoazela. Hori gutxi ez, eta zalantzarako tarte handia uzten duen penaltia kontran. Gimbertek, lasaitasun osoz, Brigida gainditu zuen 1-0ekoa eginez.

Baten lasaitasuna, bestearen urduritasun bilakatu zen. Berdinketak ez zion balio; eta jada Lezaman gol bakana egitea zaila gertatzen bada, zer esanik ez bi egitea. Bi taldeek aukera oso gutxi sortu zituzten lehen zatian, Athleticek arrisku gehiago sortu zuen arren, batez ere jokaldi estrategikoetan. Atsedenaldian jada beste emaitzen jakitun izan ziren jokalariak. Transportes Alcainek 0-1ekoarekin eusten zuen eta kataluniarrek beraien buruarekin fidatu beharrean, Collerenseren gol bat iristea errazago ikusten zuten. Egia esan, logikoa zirudien. Are gehiago bigarren zatia nola hasi zen ikusita.  Ekin eta berehala zelairatu berria zen Ainhoa Alvarezek ez zio onurarik atera neurketako aukera garbienari. Ibarrak pase luzea bidali zuen Nekanek kontrola zezan –maisuki-, honek Ainhoaren etorrera ikusiz berari eskaini zion baloia. Bultza bakarrik egin behar zuen galdakarrak, eta halaxe egin zuen; baina Brigida eta zutoinaren arteko elkarlanak gola ekidin zuen. Brigidaren protagonismoa areagotzen joan zen heinean, bigarren gola gertuago ikusten zen. Atezain kataluniarrak erantzun bikaina eman zion Nekanerekin eduki zuen bat-batekoan, eta baita Yulemaren burukada hartuz.  

Sant Gabrielek, nola edo hala, indarrak atera zituen aurkariaren areara iristeko. Gloriak ederki egin zion iskin atzelariari, area barruraino sartuz. Bertan, ordea, ez zuen atzera botatzea beste aukerarik izan, Carlarentzat. Taldeko pitxitxiak, ordea, erdiraketa kaskarra egin zuen. Jaurtiketa ederragoa egin zuen Helenak, zuzeneko falta batean. Ainhoak arazo handirik gabe hartu zuen, eta hor hasi zen kontraerasoa, sari bezala gola egin zutelarik. Murianak ezin izan zuen Nekane gelditu, hasiera batean baloiarekin egin zen arren, barakaldarrak berriro berreskuratu zuen. Aurrelariak atezainarekin topo egin zuen, beste behin, baina aldaratzea ederki probestu zuen, markagailuan 2-0ekoa jarriz.

Hor hasi zen Sant Gabrielen agonia egoera. Jada berdin zitzaion Athleticek zenbat gol egin zezakeen. Garrantzia zeukana Collerense eta Transportes Alcaineren neurketa zen. Bertako emaitza zen erabakigarriena. Brigidak lanean gogor jarraitzen zuen bitartean, bizkaitarren gol gehiago ekidinez –Yulemaren jaurtiketa indartsua, esaterako- taldea ez zegoen lehian zentraturik. Harmailetara begiratzen zuten, beraien taldekideei begira, ea berririk ba ote zen jakinguraz. Ez zegoen berririk, beraz guztiak berdin jarraitzen zuen: Sant Gabriel jaitsiera postuetan. Dena den, denbora zegoen eta horixe izan zen esperantzarako puntu bakarra.

Athletic zaleak, Ligako azken neurketa izaki, jokalarien esfortzu bakoitza txalokatzen zuten. Iraiaren jokaldia adibiderako. Kapitainak erasora jo zuen, jokaldi polita eraikiz, baina ezin izan zuen jaurtiketa atera bideratu. Txalo zaparradak indarra hartu zuten aldaketa orotan. Baita kataluniarrei ere. Jakitun ziren beraien egoera larriaz, eta edozein animo keinu eskertzekoa zen. Bitartean, indarra ahultzen zihoan jokalari kataluniarretan. Golpe bakoitzak behar baino min gehiago eragiten zuen. Carla erdi lesionatu zen, jokatzeko prest zegoelakoan berriro zelairatu zen. Baina ez zegoen partiduan. Harmailetara begira zegoen, “berririk bai?“ keinua eginez. Triste aurpegiarekin erantzuten zioten taldekideek. Azkenean, lesio fisikoari psikologikoa batu eta aldaketa eskatu zuen.

Jada neurketak interesa erabat galdu zuen. Mugikorretako pantailetan zeuden jarrita begi denak, Collerenseren gol baten esperoan. Aldaketen joan etorrian, Athleticek bi aukera on izan zituen. Ibarraren erdiraketa indartsura gutxigatik ez zen iritsi Ainhoa Alvarez. Eta bukaeran, Nekanek guztia ondo egin ostean, txokotik sartzea bilatzen zuen jaurtiketa langatik hurbil joan zen. Mallorkako neurketa amaierara iritsi zenean, Lezaman oraindik 87. Minutua zen. Hau da, Sant Gabrielek Bigarren Mailako talde bezala jokatu zituen azken hiru minutuak, Transportes Alcainek Balear Irletan eskuraturiko garaipenaren ondorioz.

Epaileak amaiera adierazi bezain laster lurrera joan dira jokalari batzuk, beste batzuk azkar batean aldageletara. Negarra zen nagusi. Inpotentzia. Denboraldiaren zati gehienean jaitsiera postuetan egon bada ere, bigarren itzulian hobekuntza izugarria erakutsi zuen Sant Gabrielek. Baina azken neurketetan hiru arerio gogorren aurka porrota jasan ostean, Bigarren Mailarako bidea hartu du talde kataluniarrak. Athleticek, bestalde, Erreginaren Kopan dauka burua zaleagoa garaipen batekin agurtu ostean. Datorren igandean 10:00etan Valentzia izango du aurkari Torrelodonesen, partidu bakarrera jokatuko den final laurdenean. Irabaziz gero, Melillara bidea hartuko dute finalerdiak jokatzeko.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi (Joana Arranz, 66. min.), Irene Paredes, Garazi Murua, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso (Jone Ibañez, 55. min.); Alazne Gomez (Ainhoa Alvarez, 46. min.); Yulema Corres (Izaskun Leoz, 56. min.), Eli Ibarra; Nekane Diez.

Sant Gabriel: Brigida Llevay; Paola Soldevila, Helena Serrano, Marta Turmo, Marta Muriana (Maria Gonzalez, 72. min.); Eva Llamas, Ester Gimeno (Aroa Lopez, 63. min.), Leticia Sevilla, Carola Garcia, Carla Gomez (Alba Garcia, 76. min.); Gloria Pellegri (Judith Fernandez, 68. min.).

Golak: 1-0: Vanesa Gimbert (penaltiz), 26. minutuan; 2-0: Nekane Diez, 53. minutuan.

Epailea: Gonzalez Gerra. Garazi Murua jokalari zuri-gorriak eta Marta Muriana kataluniarrak txartel hori bana ikusi dute. 

 

Argazkia: www.athletic-club.eus