Indarkeria sexista

Elkarretaratzea egin dute Bilboko Uribarri auzoan, auzokide batek pairatutako eraso matxista salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko urt. 14a, 10:45
Irudia: Ecuador Etxea

Urtarrilaren 5ean gertatu zen erasoa, metroan. Hainbat auzotar batu dira astelehenean emakumeari babesa adierazi eta erasoa gaitzesteko.

Astelehen iluntzean Bilboko Uribarri auzoan elkarretaratzea egin zuten, auzoko emakume batek pairatutako eraso matxista gaitzetsi eta emakumeari babesa helarazteko. Uribarriko metro sarreraren inguruetan batu ziren hainbat auzotar, Iraka Talde Feminista, Uribarri Auzolan eta Aletu taldeek deitutako mobilizazioan.

“Lehenik eta behin, bi mezu. Lehenengoa, gure berotasun eta elkartasun osoa bidali nahi diogu emakumeari; eta bigarrena, abisu bat, auzo honetan ez dago zuretzako tokirik erasotzaile! Ez gure auzoko kaleetan, ez Bilbon, ez Euskal Herrian, ez munduko inongo txokoan. Beraz, kontuz ibili”, adierazi zuten. Auzoak autodefentsa feministaren hautua egina duela ere eman zuten jakitera.

Salatutako erasoa iragan urtarrilaren 5ean jazo zen metroan. Gizona emakumeari lizunki begiratzen hasi zen, bere genitalak ukitu bitartean. Emakumeak bideoan grabatu zuen guztia, eta sare sozialen bidez gertatutakoa salatu.

Eitb-k astearte goizean jakitera eman duenez, Ertzaintza erasotzailearen bila ari da.