Indarkeria sexista

Sexu eraso bat salatu dute Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko urt. 23a, 12:16
Irudia: Ecuador Etxea

Urtarrilaren 12an gertatu zen erasoa. Autodefentsa feministaz erantzuteko deia egin dute mobilizazioan.

Asteazkenean egin zuten elkarretaratzea, “Erasoen aurrean autodefentsa feminista” lelopean. Erasoa pairatu duen emakumeari babesa helarazi zioten Bilboko Alde Zaharreko Kalamiak talde feministak deitutako mobilizazioan, baita erasoa bera gaitzetsi ere.

Urtarrilaren 12ko goizaldean gertatu zen erasoa, Bilboko La Cruz auzoan. 53 urteko gizon batek sexu erasoa egin zion 18 urteko emakumeari.

Honakoa kasu isolatu bat izatetik urruti, egiturazko arazo baten parte dela gogorarazi zuten elkarretaratzean. Hargatik, “sistema honekin apurtzera eta erasoen aurrean gogor erantzutera” dei egin zuten: “Gure kaleetan aske eta seguru sentitu nahi dugulako, erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dugu!”.