Pribatutik publikora: haurren aurkako sexu-abusuen sekretua hausten

Argazkiak: @erreharria

Gertatzen da eta gertatu zait: errealitate bat muturren aurrean izan eta ez ikusi. Edo duen garrantzia potoloaz biluztu eta grabetasuna gutxitu izatea. Salbuespen baten moduan bizi, zorte txarra izan dut eta horrelako zerbait aspaldi inguruan bizi izana tokatu zait. Baina bat-batean eta heldutasunera helduta, aurpegian eztanda egiten digu. Ez da salbuespena, ez nuen zorte txarra izan aspaldian inguru hurbilean antzeko zerbait ezagutu nuenean. Ez, eta zenbakiek burugogor gogorarazten digute ez dela horrela eta ezin dugula luzaroagoan ezikusiarena egin. Ez gehiago. Haurren aurkako sexu abusuez ari naiz. 

Hor egon dira beti, arinagoak edo larriagoak, emakumezkoen memoria kolektiboaren zati lazgarria, gutxi ezagutzen ditut modu batean edo bestean inguruan edo norberarengan bizi izan ez zituztenak.

Baina nagusiak egin eta gainera ama, izeko, lagunen haurren erreferentzia… bihurtzen gara. Eta halako zerbait inondik inora onartzerik ez dagoela argi ikusten dugu. Aitortu beharra daukat jakinaren gainean gutxi gorabehera egon arren, mundu honi dagozkion zenbakiek izutu egin nautela. Lau neskatoetatik batek eta zazpi mutikoetatik batek sexu abusuak pairatu ditu edo pairatuko ditu estatu espainiarrean. Horietatik gehienek, %90ek hain zuzen ere, inguruko gizonezkoen aldetik jasoko dituzte (izan ere, norekin utziko ditugu gure haur txikiak, inguruko eta konfiantzazko norbaitekin ez bada?). Hau gutxi ez balitz, jakin badakigu baita ere, gertatzen direnen %2a baino ez dela salatzen. Eman dezake salatzearena aukera pertsonala dela, justizian dugun konfiantzaren araberakoa, norberaren hautu lez. Baina beste behin ere esan behar da hemen ere ez dela erabaki pertsonalik. Salaketa judiziala tarteratzea, haurra sinisten den erakusle argia da: sinisten dugu eta gainera ados ez gaudela erakusteko modurik zuzenena, ezagutzen dugun babes tresnak abian jartzeko prest gaudela munduari esatera bezalaxe. Eta gezurra badirudi ere, haurraren errekuperaziorako funtsezko elementua da, adituen esanetan, izan ere, bidearen zatirik gogorrena gaindituta dugu haurrak babes hori sentitzen badu. Gainera eta hezitzaileen kasuan, tutorea izanik gure erantzukizuna da salaketa hori tarteratzea.

Eta errealitate gordin hau nire inguruan suertatu zenean, gaiari buruz informatzea erabaki nuen. Horrela hurbildu nintzen aurreko abenduaren 13an Leioako kanpusean Gure Sarea elkarteak antolatu zituen jardunaldietara. 210 pertsonako aforoa lehenengo egunetan bete zen eta azkenean ia 400 pertsona hurbildu ginen, elkarteak denon parte-hartzea bermatzeko, hainbat gela ireki zituen streaming bidez areto nagusiaren barruan esaten zirenak zuzenean jarraitzeko. Hor ikusi nuen gaiaren inguruan lanean diharduten profesionalen (erizainak, pediatrak, psikiatrak, formakuntzan eta hezkuntzan dihardutenak) zein ikasle eta biktimen ardura zenbatekoa den. Jardunaldi oparoak izan ziren: ez horrenbeste haurren aurkako abusuaren gaiaz aritzeko (ere bai) baizik honen aurrean planteatu daitezkeen proposamenen inguruan eztabaidatu zen. Esaterako, haurrek hainbat alditan errepikatu behar dute euren testigantza. Beste hainbat prozedimendu judizialetan gertatzen ez den bezala, haurren aurkako sexu abusuetan biktimari ez zaio bere lekukotasuna aintzat hartzen. Honen aurrean, salaketa jarri eta une horretan bertan, ospitalean eratutako komisio bat eratzea proposatzen zen (Catalunyan badute Vicki Bernadet Fundazioak horrela abiatuta orain urte dezente, eta gaur egun Generalitatearen abala du): hainbat adituk biktimarekin egon eta eurek egin beharko zituzten beharrezkoak diren txosten guztiak: testigantza hartu (edo ez, badira ezer esaten ez duten haurrak ere, eta hori behar bezala baloratzen jakin behar da), beharrezkoak diren testak egin eta abar. Euren txostenak gainera, epailearentzako lotesleak behar dute izan eta modu horretan, une horretatik bertatik biktimak errekuperazioarekin has daitezke. Ez da beharrezkoa izango epailearen aurrean inolako itaunketara aurkeztea, bere re-biktimizazioa ekidituz. Pauso sinple eta eraginkorra. Horretarako, behar bezalako adituak behar dira, eta beraz, gaian formakuntza eskaintzea, beharrezkoa. Hori izan zen jardunaldietan atera zen beste ondorioetako bat: hezitzaileen curriculumean haurren aurkako abusua sartu beharra dago. Seinaleak ikustea zaila da, baina are zailagoa gure ikasketa planean horren inguruan sekula ezer azaldu ez badigute. Errotik aldatu beharreko hainbat gauza daude, eta finean helburu bat: haurren aurkako abusuak bazter ilunean zokoratutik egon dira beti, familia sekretuak izan dira, etxetik kanpora inork jakin behar ez zuen lotsarazteko kontu pertsonala. Baina ez dira sekretupean mantendu behar, ezin da biktima lotsarazi, eta are gehiago, ez da arazo pertsonala, publikoa baizik. Zenbakiak hor daude, kopuruak hor daude, gizarte osoari dagokion arazoa da.

Bada gauza bat argi gelditu zaidana: sorpresak maite ditugun bezala gorrotatzen ditugu sekretuak. Gure haurrek, euren ondoan egongo garela jakin behar dute. Beti.