Aratusteak 2018

Oroitzapen kuttunak

Erabiltzailearen aurpegia Axular Arostegi 2018ko ots. 7a, 10:13
Son Gokuren mozorroa

Azterketa garaiak amaitzean, ia nahitaezkoa dugu gazteok trago bat eskuan dugula lagunekin elkartzea, azken asteetan zehar ikasten pasatako ordu denak ahazteko. 

Horrela, pixkanaka-pixkanaka, gure oroitzapen kaxkarrak hobeagoak diren beste batzuengatik aldatu nahiean. Aurreko ostegunean, eguerdi aldera azken azterketa egin ondoren, garagardo pare bat hartzeko geratu ginen lagun batzuk; ohitura izan delako beti azterketen osteko parranda.

Tabernara sartu eta berehala hasi ginen hurrengo asteetan zetozen parrandetaz hitz egiten. Inauteriak zirela eta tolosakoetara ze egunetan joango ginen erabakitzen geundela, mozorroaren kontua atera zen. Hori buruhaustea hori! Proposamen onak izan arren, albo batera uzten amaitzen genuen suposatuko lukeen esfortzua soilik imaginatuta. Halako batean, beste hainbat aukera esan ostean, batek Son Gokuz mozorratzea proposatu zuen.

Izena esan ta berehala hasi ginen denak hasperenka marrazki haiek oroituz. Une batetik bestera, zeharo aldatu zen konbertsazioa. Tolosa eta Bilboko inauteriak, Satan Txiki eta Dortoka Maisua bihurtu ziren; presoaren eta arrantzalearen mozorroak, berriz, Goku eta Vegeta. Panoramaz ohartu nintzenean, neure buruari irriparre sorrarazi zion egoerak. 21 eta 22 urteko gazteak, une batez, berriro ere lehen hezkuntzan egongo bagina bezala.

Goxotasunez eta ilusioz oroitzen ditugu oraindik ere, iada 10 urte ikusitakoak. Marrazki japoniar haiek (beste askorekin batera), belaunaldi oso bat erakarri zuten, gure oroimen kolektiboari ale txiki bat eskainiz. Batek daki zerk eramaten gintuen hura horrela gogoratzera: lagunekin pasa den asteko kapitulua komentatzeak, anaiarekin kapitulua elkarrekin ikusteak… auskalo. Miresgarria egiten zait neurri batean, helduak garenean ere umetan izan ginenaz eta gustatu zitzaigunaz oroitzean irri egitea.

Tira, telebista edo marrazki bizidumen apologiarik egin nahi gabe, umeetako oroitzapen sinple eta bakunen garrantzia azpimarratzekotan, amaiera aurkitu behar diet bizitzako pasarte txiki honen inguruko hitzei; azken finean, oraindik inauterietako mozorroa erabaki gabe daukat eta.