Entzun! Ozen heldu da!

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2017ko ots. 16a, 12:57

Aurreko ostiralean denbora luzez prestatzen ibili ginen eguna ospatu genuen. Iazko udaberrian egindako lehen bileratik eta artazi eta kola, autoarekin gora eta behera eta erratza eskuan pasatu ditugun tarteetatik igarota, heldu ginen Ozenen aurkezpenera.

Etorri bazineten, eskerrik asko! Zuek gabe lan guztiak ez zukeen zentzurik eta. Ez bazineten etorri Holy Txalaren lehen kontzertua, Crossover (eta Garai Ilunaken) kontzertua eta Irati, Alazne eta Luciaren abestia galdu zenituzten. Nork esango zuen hiru neska horien ahots eztiek eta hitz gozoak Holy Txalaren hardcorearekin eta Crossoverren rockarekin hain ondo uztartuko zirenik! Gazteon heterodoxia agian (gure tabernariaren ileorde arrosak are nabarmenago egiten zuena).

Estreinaldi paregabea, eta horren seinale izan ziren Mullerenea barruan batu ginen jende andana eta sortu zen giro ona. Sinesten ez baduzue, adi ibili, argazkiak han-hemenka topatuko baitituzue.

Hau hasiera baino ez da, ordea. Gure potentzialaren zati bat baino ez genuen hemen erakutsi. Oraingo erronka eskaintza erakargarria egiten jarraitzea da. Pare bat irteera ditugu buruan, kontzertu gehiago, dokumentalak… zuek han ikustea espero dugu!

Amaitzeko, deialdi bat: hurbildu gugana, agurtu, ekintzak proposatu, iritzia eman… Deustualdean gazte euskaldun pila gara; bada garaia guretzat, euskaratik eta euskaraz disfrutatzeko eremu aktibo eta interesgarria sortzeko! Eta ezin hori zuek gabe eraiki!

Edozein gauzatarako esanozen[abildua]gmail.com edo Berbaizu zuentzat dituzue. Aurrez aurre aritzeko ere aukera franko izango dugu datozen asteetan; badatoz inauteriak (eta Berbaizuko Txotx eguna!), Deustuko Jaiak eta Berbaizukide Eguna, a ze agenda betea!