Bilbon: zertarako dago ba orduan?

Argazkia: www.google.es/maps

Txikia nintzenean ez nituen bi gauza ulertzen: 1) Zergatik gabardinek ez zuten txanorik euritarako berokiak baziren eta 2) Zertarako jartzen dituzten poltsikoak jaketan gero josiko badituzte. Bigarrenari helduko diot bere beste forma batean: zergatik jartzen dituzte belartzak hirietan gero "ez zapaldu" jarriko badute?

Ni beti izan naiz oso oso oso pertsona praktikoa eta estetika erabilgarritasunaren gainetik jartzen duten horiek ez ditut sekula ulertuko. Horregatik ez dut ulertzen nori bururatzen zaion zapaldu ezin den belardi bat hiri erdian jartzea edo garai batean hain ohikoak ziren plazetan baloiarekin jolasteko debekuak ezartzea. 

Beti pentsatu izan dut Bilbo nahiko hiri praktikoa zela, Deustuko Heliodoro de la Torre kalea kenduta. Zertarako egiten da espaloi zabal bat gero belar arrasto ziztrin batzuk jarriko badira erdia okupatzen? Okerrago aparkatu dezagun? Batzoki aurrean autobus bat gelditzen denean auto-ilara sor dadin? Ez dakit nori bururatu zitzaion, baina nire aburuz ez zen oso fin ibili.

Bada, dagoeneko behar baino adibide gehiago eman ditut eta ez dut gaia argi adierazi: arduratuta nago pitiminizko hiriekin, postalean polit geratzen diren, baina egunerokorako deserosoak diren horiekin. Bilbo oraindik ere nahiko erabilgarri mantentzen da, baina ez zaio gaiari arreta inoiz kendu behar. Izan ere, hor jarraitzen dute Bilbok tranbia izatea ideia ona zela pentsatu zutenak edota Aste Nagusian Bilbobiziko bizikletak kentzen dituztenak.

 

Argazkia: www.google.es/maps