Gazteak eta etxebizitza

Denok dugu ahotan etxebizitzaren arazoa, baina egiten al dugu nahikoa?

Maiatzean bi gauza gertatu dira: 1) Errugbiko finalak izan dira Bilbon eta 2) Irenek eta Pablok etxea erosi dute. Badirudi bi gertaera horiek ez dutela zerikusirik, baina etxebizitzari buruzko eztabaida piztu dute biek. Podemoseko buruzagiena luze eta zabal iruzkindu den kontua da. Nik ere badut nirea: erosi dute ahal zutelako. Nik ez dut horrelakorik erosten ez dudalako erosteko ahalegina egin nahi. Beste batzuek ezin dute ezta ahalegina planteatu ere egin.


Bilboko finalen ebaluazioa egitean, alokairuan zeuden etxeen areagotzea eta garestitzea aipatu dira, baita hiriarentzat talde desberdinek duten proiektua ere. Errugbia behar izan dugu etxebizitzaren auzia berriro mahai gainera ekartzeko, baina gazteok urte batzuetatik hona gure muturren aurrean ikusi ditugu ikasle pisuen prezioak etengabe handitzen, auzo batzuetako oferta desagertzen eta etxe hutsak hautsez betetzen.


Pablo eta Irenez aritzean esan dut: erosi dute aukera zutelako. Antza oso hipoteka komenigarria eskaini diete eta ordainduko dutelako ziurtasuna edo badute. Egoera hori, ordea, ez da ohikoena. Nire lagunartean bertan ikusten dut. Batzuk animatu dira etxea erostera, ez dakit egonkortasun ekonomikoa dutelako edo "cuenta vivienda" delako horiek azkenean behartuta. Alokairuan bizi garenok 300 eurotik gora ordaintzen dugu gela baten truk eta pisukideak izaten ditugu. Etxe zaharretan bizi gara normalean eta ezer berritu edo konpontzea ez da beti erraza izaten. Azken multzo bat oraindik ere gurasoekin bizi da, hoteleko erosotasunari uko egin nahi ezean edo poltsikoan lau sos baino ez dutelako.


Hala ere, orokorrean gurasoen etxetik alde egiteko zailtasun gehien izan dugun belaunaldietako bat garelako ideia nahiko zabalduta dago. Alde batetik, Balluerkak ordaintzen dizkigun 1000 euroekin ezer gutxi egin dezakegu lizentziatuok. Beste alde batetik, erabilera berriak aurkitzen ari zaizkie pisuei: oporretako alokairuak. Dirudienez, horrek diru gehiago eta burukomin gutxiago ematen du, eta ez al dugu guztiok hori nahi?


Errugbi finalen asteburuan Santutxura joan nintzen Udaberriko bertso saio bat ikustera eta turistak ikusi nituen gune turistikoetatik haratago joaten. Nora joango ote zen bi kamara soinean zeramatzan kazetari irlandarra? Zergatik demontre sartu ziren metrora Karmelon dozena erdi ingeles? Suposatzen dut norbaitek pisua alokatuko ziela. 


Norberaren pisua tarteka alokatzea ondo iruditzen zait: hori ez da aberasteko egiten. Gainera, Euskal Herriko herri guztietan izan da beti gelak alokatzen zituen familiarik aspaldi ahaztu bagenituen ere. Arazoa Bilboko Alde Zaharrean (baita beste hiri askotan ere) esklusiboki turistek aloka ditzaten enpresek erosten dituzten pisuak dira. Ondo damutuko zaigu urte batzuren buruan Bilboko Alde Zaharra Disneylandia bihurtzen zaigunean. Tira, agian ez gara maiz joango geroz eta periferiarago biziko garelako.


Dena den, gure agintariak saiatu dira inoiz gazteok laguntzen: alokairurako diru laguntzak, hobari fiskalak, etxebizitza programa bereziak... baina ez dira nahikoa. Argi dago ez dutela arazoa konpondu. Estrategia aldaketa behar da? Anbizio handiagoa behar da? Ez dakit, egia esan.


Gauza bat argi dago: gazte guztiok ez gara Irene eta Pablo bezalakoak eta ez dugu aukerarik etxebizitza aukeratzeko. Ez naiz 600.000ko etxeez ari, gure gurasoek gure adina zutenean lor zezaketen etxebizitzaren antzekoa lortzeaz baino. Ez naiz etxea erosi beharraz ari ere, alokairuan soldataren % 40 ordaindu behar ez izanaz baino. Asko eskatzea al da?