Etxera itzuli naiz

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2020ko abe. 20a, 19:22

Gabonak igarotzeko 1500 km egin ditut eta Bilbo berriz gozatu ahal izan dut.

Aurreko igandean heldu nintzen Bilbora eta asteazkenean Uriolarako nire artikulua idatzi behar nuen. Ez dakit inoiz kanpoan bizi izan zareten, baina etxera itzultzeak gestio pila bat egitea eskatzen du: "mesedez, sinatu hau", "pasa bulego honetatik 11k baino lehen", "zure izekok ikusi nahi zaitu"... eta gauza baten eta bestearen artean ez dut artikulu hau patxadaz idazteko aukerarik izan. Gaur arte.

Atzerapenak, ordea, artikulua hobeto dokumentatzeko aukera eman dit, hiri aspergarri batean egon ondoren, Bilbora datorrenaren inpresioak jaso nahi bainituen. Esan gabe doa, Bilbok Trentok baino askoz ere bizitza handiagoa du. Agian tenperaturaren kontua ere bada.

Bilbotarrek konpultsiboki pasiatzen duten bitartean, Italia itxialdi zorrotz baterako prestatzen ari da. Abenduko lehen asteburuetan Trentoko alde zaharra erosketak egiten ari ziren italiarrez beteta zeuden. Jendeak ilara eta dena egiten zuen denden kanpoaldean. Bilbon ez dut oraindik horrelakorik ikusi, zorionez. Bilbotarrak itsasadarrean gora eta behera pasiatzen ari direlako izango da, apika.

Ez dut Bilbo tabernak itxita pairatu behar izan. Zorionez, hau ere. Zorionez, lagunekin elkartu ahal izan naiz tabernetako terrazetan. Kasu honetan, kenduta itxiera orduaren kontua, egoera bertsua dago Alpeetako bi aldeetan: terrazan mahaia lortzeko borroka hor dago. Hori bai, bada desberdintasun bat: Bilbon trago eta trago artean jendeak berriz janzten du musukoa, ez espero Trenton inork hori egingo duenik.

Musukoa zintzoago eramaten dute bilbotarrek, zalantzarik ez izan. Suposatzen dut hau klimaren eragina ere badela. Trenton, klima lehorragoa bada ere (esan Bilboko akaroei...), tenperatura baxua dela eta, dena da kondentsazioa. Kondentsazioa betaurrekoetan, kondentsazioa musuko hezean. Gauzak hala, Trenton jende askok ateratzen du sudurra musukopetik ahal duen bakoitzean. Bilbon, ordea, jendeak musukoa ondo jantzita darama inguruan inor ez badago ere. Hunkigarria iruditzen zait hein batean.

Musukoa eramateko zorroztasuna, baina, ez dut kontaktuak murrizteko zorroztasunean ikusi. Trentinoak etxeetan barrikatu dira eta gutxi dira inor afaltzera gonbidatzen ausartuko direnak. Hemen, aldiz, bataren eta bestearen etxean batzea lasaitasun osoz egiten da. Eskerrak ni nagoen leihoak zabalik izateko eskatzen! Sozialagoak gara, jendea behar dugu inguruan, dudarik gabe.

Eta nagusiki horregatik etorri naiz Euskal Herrira. Azkenean nire Trentoko lagun guztiak han geratu badira ere, Bilboren eta bilbotarren berotasuna behar nuen negu hotz honetan. Zer egingo nuke nik inoiz berotzen ez den apartamentu horretan itxialdi gogor batean bakarrik? Bidaia nahi bezain erosoa izan ez bada ere eta itzuleran zer neurri egokituko zaizkidan oraindik jakin ezin badut ere, uste dut aukera egokia izan dela etortzea, hemengo bizitasunak biziberrituko nauelakoan.