Gustatzen zait Gau Beltza

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2022ko aza. 4a, 10:44

Gau Beltza jaiotzen ari den jaia da; bideratu dezagun jai interesgarria izan dadin.

Gustatzen zait Gau Beltzaren kontzeptua. Galdutako tradizioa berreskuratzea aberasgarria iruditzen zait. Hilabetean behin egun berezi bat izan beharko genuke. Ez parrandarako aitzakia bezala, horretarako ez dugu ezer berezirik prestatu behar, normalean egiten ez duguna egiteko aukera bezala baino.

Gau Beltza jai erlatiboki "gaztea" da. Gogoan dut orain dela hamabost bat urte edo hasi nintzela mozorrotutako lehen umeak ikusten. Ez ziren asko eta bazirudien mozorrotzea zela egiten zen ekintza bakarra. Gazte baten bat ere mozorrotzen zen eta taberna batzuek "Halloween" jaiak antolatzen zituzten. Orokorrean jai arrotza zelako iritzia genuen.

Gero eta jende gehiago mozorrotzen hasi zen, umeak gehien bat, baina baita helduak ere. Esango nuke aurten ume guztiak zeudela mozorrotuta 31n iluntzean. Mozorroena dagoeneko finkatuta dago eta zail dugu horri buelta ematea. Baina gozokiena oraindik berbideratu dezakegu.

Zur eta lur geratu nintzen gozokien kontuarekin. Umeak tabernetara eta dendetara sartzen ziren gozokiak hartzera. Sartu, gozokiak hartu, agian tabernakoari edo dendakoari eskerrak eman, eta irten. Gau Beltza Deustun mozorrotu eta gozokiak eskatzea da. Ahaleginik egin gabe, mozorroak horretarako eskubidea emango balu bezala.

Dirudienez, Gau Beltz historiko ahaztu horretan bazegoen mozorrotu, ezkutatu eta auzokoak izutzeko ohitura. Susto eta txantxa txikien bidez heriotzaren karga arintzen zuten lehen. Jaiak bazuen esanahi bat. Orain ez dakit duen. Hala ere, erraza zatekeen izpirituz betetako gauaren izpiritua berpiztea.

Gua Beltzaren gaztetasun erlatiboa baliatuz, tradizio zaharrak berreskuratu eta berriak sortzeko aukera dugu. Dela susto lehiaketa bat, dela mozorro beldurgarriena saritzea, dela mamu eta izpirituak agurtu eta haiekin dantza egitea. Eta umeek jakin dezatela gauzak lortzeko lan egin behar dela, gozokiak edo txokolatea lortzeko Gau Beltzean aktiboki hartu beharko dutela parte eta ez gozoki biltzaile soil bezala.

(Irudia: William Murphy HALLOWEEN PARADE IN DUBLIN [PRESENTED BY MACNAS]-122610 https://www.flickr.com/photos/infomatique/30697344825)