Adimen artifizialak ez daki kafea prestatzen

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2023ko mar. 29a, 22:51

Adimen artifizialak liluratzen gaitu, baina ez daki zergatik.

Azken aldian egunero ari gara adimen artifiziala gora eta behera. Adimen artifiziala hau, adimen artifiziala bestea. Adimen artifizialak jakintzaren mugak apurtuko ditu, adimen artifizialak bizitzeko modua aldatuko digu, adimen artifizialak lana kenduko digu.

Otsailean nik ere esan nizuen adimen artifizialari buruz idatziko nizuela. Baina lasai, ez dut hondamenik aurreratuko. Hau da, datozen hilabete edo urteetan hondamenik gertatzen bada, ez da adimen artifizialaren errua izango. Izan ere, adimen artifizialak gutxi du adimenetik (momentuz).

Gaur egun "adimen artifiziala" izenaz ezagutzen dugun hori askotan ikusitako patroiak ziurtasun handiz errepikatzeko gai diren loroak baino ez dira. Baina gizakiok ere berdin jokatzen dugu, ezta? Mila aldiz errepikatutako gezur bat aise bihurtzen dugu egi. Eta beste batzuetan zerbait "tokatzen zelako" baino ez dugu esaten. Ba adimen artifizialak, berdin. Han ere, zotza burduntzi. Ah, ez.

Kontua da adimen artifizial hauek predikatzaile izan zitezkeela, bardo edo pregoilari, baina zer esan duten galdetuz gero, mututuko dira. Esan dutenaz ideia zipitzirik ez dute, irakurtzen ari, beste zerbaitetan pentsatzen hasi eta konturatzeko orrialdea amaitu eta berriro irakurri behar dugunean bezala.

Eta izenburuko kafaren kontuarekin, berdin. Adimen artifizialari galdetuz gero kafea nola prestatzen den, urratsez urrats erantzungo dizu kafe usaintsu eta zaporetsuena nola prestatu. Hori bai, esku artean dudan esperimentu batek agerian utzi duenez, ez daki hozkailuko atea zabaldu behar denik esnea ateratzeko edo mila pusketatan dagoen katilu batean zail dela kafea hartzea.

Berez, kafea prestatzen ez dakienari nahikoa zaio emango dion emaitzarekin, baina etorkizunean, adimen artifizialak errobotetan txertatzen ditugunean eta harria egin ondoren ahoz behera dagoen katilu batean zuzenean kafea zerbitzatzen hasten denean, baten batek baino gehiagok errobota leihotik behera botako du.

Asko dago egiteko, hau hasiera baino ez da. 80 urte daramatzagu adimen artifizialean lanean eta azken 10 urteetan baino ez dugu gure ametsei erantzun ahal izango dien teknologiarik garatu. Datozen hamarkadak zoratzekoak izango dira eta imajinatu ere ez dugu egingo adimen artifizialak gure bizitzan zelako eraldaketak ekarriko dituen.

Ezin dut imajinatu kafea benetan prestatzen noiz ikasiko duen, baina badakit adimen artifizialak euskaraz ondo hitz egin dezan zer behar den. Barkatuko didazue azken uneko aldarrikapen hau, baina azken asteetan asko hitz egin da euskalduntzean egin diren aurrerapenei buruz, baina inork ez du hitz egin gure artean dauden "biztanle" berri hauek euskalduntzeko beharraz. Edonor eta edozer euskalduntzeko, hasteko borondate politikoa behar da eta gero euskara hizkuntza erakargarria dela erakutsi behar da. Ulermenarena utzi zientzialarion esku, zuek bitartean egin euskaraz zuen artean, baita makinekin ere.

Argazkia Stable Diffusion modelo automatikoak sortu du.