Badator turra!

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2023ko eka. 21a, 21:51

Luxuzko txirrindularientzat alfonbra gorria jartzen duen bitartean, udalak eguneroko txirrindulariak ahazten ditu.

Pasada bat iruditzen zait Frantziako tourrak sortuko dituen aldaketa, mozketa eta traba guztiak zelako lasaitasunez hartu ditugun. Ez dut gogoan Bilboko bizilagunen bizitza hainbeste aldatu duen gertaerarik. 18 urte dira dagoeneko, baina sentsazioa dut Formula 1 simulakro hark ere ez zuela hainbesteko eta hain denbora luzeko nahasmendurik ekarri.

Ezkontza aurreratu behar izan dute batzuek, oporrak aldatu beste batzuek. Askok ez dakite etxean geratu eta ihes egin, askatasunera. Bilbon geratuko direnek ondo egingo dute turismo bulegora joan, hiriko plano bat eskatu eta ogia erosteko ibilbidea arkatzez markatzen badute. Kostako apartamentura eskapada egiteko asmoa dutenek, kalkulagailua atera beharko dute. Bilbotik ateratzeko tartea, errepide-bidaia eta Plentzia edo Bakiora sartzeko tartea kontuan hartuta, Apollo 11 espazio-ontziaren ibilbidea kalkulatu zutenek bezala prestatu beharko dute bidaia.

Espero zaleentzat, siesta egin gabe Tourra ikusten duten horientzat, bizitzako esperientzia izatea. Maite zaituztegu, hau da herriak egiten dizuen oparia. Gogoratu gero atseginak izatea, horrekin konformatzen gara. Espero ere Bilbo eta Bizkaiako ekonomiari egindako bultzada historikoa izatea. Zuentzat ere, oparia. Gogoratu gero atseginak izaten, terrazak espaloi osoa ez okupatzen jartzen eta zuritoa merketzen. Besteontzat ez dakit oparia edo zigorra den, momentuz nik ez diot abantaila edo onurarik aurkitu.

Egunerokoan bizikletaz ibiltzen garenoi ez digute ezer oparitzen. Oraindik ere bizikletak aparkatzeko lekuak falta dira, oraindik ere bidegorriak falta dira, oraindik ere autoak dira Bilbon jaun eta jabe. Ea Tourraren kontuarekin baten batek bere G.A.C. zaharra ateratzen duen, masa kritikoa handitzen den eta jaramon egiten hasten zaizkigun. Ez dugu maillot horia janzten, bulegora heltzean ez digu inork lore-sortarik oparitzen eta ez dugu eskapada ikusgarririk egiten, baina ez dugu trafikoa oztopatzen eta astebururo laguntzen dugu ostalaritza. Guk ere ez al dugu detailetxoren bat merezi?

*Gaurko irudia Dall-e minik egin du.
** Uste dut hau dela bizikletei buruz denbora luzean egingo dudan azken sarrera, a ze Tourra!