Adimen artifiziala Europan

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2023ko abe. 19a, 19:06

Duela pare bat aste, datozen hamarkadetan Europan garatuko diren adimen artifizialean oinarritutako tresnak eta baliabideak arautuko dituen legedia onartu zen.

Sona dezente izan du Europak adimen artifiziala mugatzeko onartu duen araudiak. Jakin badakizue ni adimen artifizialaren zale naizela eta azken urteko Uriolako ekarpen guztiei adimen artifizialak sortutako irudia gehitu diedala. Honek ere horrelako bat izango du.

Imajinatzen dut zuetako asko apur bat galduta zabiltzatela adimen artifizialaren kontu honekin eta normala da. Adimen artifiziala zer den jakitea da lehenengo gauza. Laburbilduz, era autonomoan erabakiak hartu edo gomendioak ematen dituen edozein baliabide edo tresna automatikoa da adimen artifiziala Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, hau da, gaztelaniaz OCDE esaten dugun hori (zehazki hori zer den beste baterako utziko dugu). Adimen artifizialaren epitome dira ondorioz HAL 9000, C3PO eta R2D2, erreplikanteak eta zinemako beste hainbat automata "adimentsu". Adimen artifizial izan daitezke, ordea, erregeletan oinarritutako sistemak ere. Esaterako, oinarrizko adimen artifizialtzat har ditzakegu autobideko radarren programak: baldin abiadura > 120 km/h --> isuna. Erregela bakarreko sistema hauetatik prozesamendu abstraktuena egiten dutenetara, dena da adimen artifiziala.

Gaur egun, ordea, adimen artifizialari Alexa, Bing, Bard eta GPT lotzen dizkiogu gehienbat, nahiz eta filmetako androideetatik eta autobideko radarretatik urrun ibili. Aginduak ematen dizkiegu, galderak egiten dizkiegu eta haiek hobeto edo okerrago erantzuten digute. Esan daiteke esaten dieguna ulertzen dutela eta erantzunik onena ematen saiatzen direla. Multinazional handiek fede onez jokatzen dutelako plantak egingo ditugu hemen, ados?

Kontua da orain arte edonola eraiki zitezkeela adimen artifizialeko tresnak eta baliabideak. Internet osoa irakurri, gure captcha guztiak buruz ikasi eta gainbegirapen handirik gabe sistema horiek gai ziren hizkuntza bat ikasi eta ulertzeko. Duela pare bat urte, eta nagusiki ChatGPT kaleratu zenetik, datu kantitate handietatik modelizazio abstraktu bat egiten duten sistemak gailendu dira, aurrekoekin alderatuta gizakiontzat hainbat atazatan baliagarri izateko duten gaitasuna dela kausa. Sistema hauek, gizakiok bezala, zenbat eta gehiago ikusi, gero eta orokortzeko gaitasun handiagoa dute. Gizakion kasuan erraza da ulertzea: demagun haur batek katu laranja bat ikusten duela lehendabizikoz, une horretan pentsatuko du katu guztiak laranjak direla, baina denbora igaro ahala beste kolore eta tamaina askotako katuak ikusita, ikasiko du katua bera zer den (bestela esan, katuaren abstrakzio edo ideia bat garatuko du) eta munduan nola agertzen den.

Ikasketa automatikoa egiteko hainbat bide dago, baina denak ez dira egokiak. Laguntzaile adimentsuak gureartekotu ziren momentutik beretik konturatu ziren ikertzaile batzuk sistemek mezu arrazista, xenofobo, misogino eta abarrak sortzeko joera zutela. Arrazoiaren bila joan eta ikusi zuten internet horrelako mezuz beteta zegoela eta sistemek nondik ikasten zuten kontrolatu behar zela. Badakizue, zer ikusi, hura ikasi. Paraleloki, beste ikertzaile batzuk konturatu ziren zinez erraza zela informazio faltsua masiboki zabaltzea horrelako sistemen bidez. Lehen, pertsona batek hasi behar zuen informazio faltsua zabaltzen, orain idazteko estilo propioa garatu duten milaka sistema automatiko koordinatu daitezke mezu faltsuak zabaltzeko. Gainera, hizkuntza eta irudi sorkuntza automatikoa hainbeste hobetu den honetan, zaila da askotan mezua edo irudia adimen artifizialak sortu duen jakitea. Amaitzeko, gu mugikorrari galdera tontoak egiten ari ginen bitartean, gure ahotsak, aurpegiak, keinuak eta abar identifikatzeko, aztertzeko eta biltegiratzeko sistemak ere nabarmen hobetu dira. Ten year challenge gogoratzen duzue? Facebooken modan jarri zen uneko argazkia eta duela 10 urtekoa parez pare jartzeko, gogoratzen? Ba Facebooken trikimailua baino ez zen izan aurpegien errekonozimendurako datuak biltzeko: gure aurpegiak zahartzean nola aldatzen diren eta gure aurpegia denbora luzez nola identifikatu aztertu nahi izan zuten.

Hau da adimen artifiziala, beraz. Hau eta gauza gehiago, baina hauek dira egunero gugan eragin handiena dituzten baliabide eta erabilerak. Europar Batasunak horiek ondo garatuko direla bermatuko duen araudia sortu du: zer datu erabiltzen den eta zertarako argi geratu beharko da Europan garatutako adimen artifizialeko baliabide guztientzat. Gainera, guztiz debekatuta egongo da eta zigor latza izango du gizakiarentzat arriskutsua izan daitekeen edozein baliabide. Urte luzez iraungo duen araudia sortu nahi izan dute, etengabe aldatzen ari den mundu honetan zaharkituta gera ez dadin. Gauza batzuetan asmatu dute, beste batzuetan agian ez hainbeste eta ziurrenik muga gehiegi jarri dizkiete hain arriskutsuak ez diren gauza batzuei eta beste batzuk maltzurkeriarako prest utzi dituzte. Ez dago oso argi ezta gobernuek gure datuekin zer egiteko baimena izango duten. Egia den gauza bakarra da araudi honek Europan adimen artifizialaren garapena baldintzatuko duela eta horrek uste baino eragin handiagoa izango duela.